Politika -
ETAren iragarpen berria
Eusko Jaurlaritzarentzat 'beste dezepzio bat' da ETAren azken agiria
Idoia Mendia bozeramaileak salatu duenez, "euskal gizarteak ETArengandik espero duen agiria indarkeria betiko baztertu eta armak entregatzen dituela dioena da".
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak uste du ETAren azken agiria "beste dezepzioa bat" dela, "aurrekoaren antzera".
Mendiak software librearen inguruan Bilbon egin duten ekitaldi batean kazetariei adierazi dienez, asteburu honetan zabaldu duen testuan, erakunde armatuak "ez du euskal gizarte osoak nahi duen gaia jorratu".
"Euskal gizarteak ETArengandik espero duen agiria indarkeria betiko baztertu eta armak entregatzen dituela dioena da", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Enpleguaren transferentzia, "aurki"
Bestalde, Mendiak esan du Gasteizko Gobernua "baikor" dela Espainiako Gobernua eta EAJ enplegu politika aktiboen eskumenaz egiten ari diren negoziaketen inguruan, izan ere, transferentzia "aurki" itxiko dutela espero du.
Mendiak ez du "data zehatza" eman nahi izan, zeren politikan "prebisioak egitea arriskutsua" baita.