Politika -
Elkarrizketa, ETB2n
Ortuzar: 'Transferentzien akordioa datozen orduetan lor daiteke'
EAJko buruak ETA utzi duten presoekin "pausoak" egitea eskatu du, "elkarrekin bizitzeko moduan" daudelako. "Irtenbidea bilatu behar diegu", esan du.
Erredakzioa
Zapateroren Exekutiboarekin enplegu politika aktiboen transferentzien inguruko akordioa "datozen orduetan" ixtea espero duela esan du Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak, eta alde biek Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruko akordioa lortzeko "oraindik apur bat falta da", gaineratu du.
"Egun On, Euskadi" saioan izan da Ortuzar. "Lortzen baldin badugu, aurrekontuen inguruan hitz egiten has gaitezke", adierazi du bertan.
"18 urte daramatzagu itxaroten; beraz, ez da ezer gertatzen beste bi itxaroteagatik, Madrilen hau guztia ondo lotu arte", nabarmendu du EAJko burukideak.
Transferentziak ekar dezakeen kostuaren inguruan, Ortuzarrek esan du "Kontzertu Ekonomikoaren parametroak" bete beharko direla.
ETAko presoak
Bestalde, ETAtik aldendu diren presoekin "mugimenduak" egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Ortuzarren ustez, gizarteratzeko moduan daude, eta "irtenbidea bilatu behar diegu".
Horren ildotik, Bizkaiko EAJko presidenteak adierazi du kartzelaren helburua ez dela "zigortzea", baizik eta "gizarteratzea". "Norbait egoera horretan badago, zergatik ez egin mugimenduak?", esan du.
ETAren azken iragarpena
ETAk eta Batasunak eskatutako nazioarteko bitartekariei dagokienez, Ortuzarrek azaldu du "ongi etorriak" izango direla "ospe onekoak" badira eta "esku artean dutena" ezagutzen badute.
Dena dela, buruzagi jeltzaleak argi utzi nahi izan du gakoa ez dela izango nazioarteko bitartekarien lana, baizik eta ETAk desegiteko izan beharko lukeen borondatea eta ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua egitea.