Politika -
Katalunia
Puigdemonten kontrako zentsura-mozioa baztertu dute PSCk eta PPCk
Bi alderdion hitzetan, komunikabideen bidez izan zuten Ciutadansen ekimenaren berri, eta ez dute galduko duten zentsura-moziorik babestuko.
Agentziak | Erredakzioa
Ines Arrimadas Ciutadanseko buruzagiak Carles Puigdemont kargutik kentzeko atzo iragarritako zentsura-mozioak PSCren eta Kataluniako PPren (PPC) ezezko borobila jaso du. Kataluniako Parlamentuak erreferendum legea onartu berritan egin zuen iragarpena Arrimadasek.
Bi alderdion iturrien arabera, zentsura-mozioa ez da aurrera aterako, eta ez dira galduko diren bozketetan parte hartzearen aldekoak. Halaber, biek salatu dutenez, Arrimadasek ez zien bere asmoen berri eman, eta komunikabideen bitartez jakin zuten.
Sozialistek eta popularrek gogorarazi dutenez, Podemosek Mariano Rajoy Espainiako presidentearen kontrako zentsura-mozioa aurkeztu zuenean Ciudadanos oso kritiko azaldu zen aurrera ateratzeko nahikoa babes ez zuelako.