Politika -
Ekitaldi instituzionala
Euskadik eta Nafarroak Gurseko esparruko biktimak omenduko dituzte
Frantziako kontzentrazio-esparruan omenaldia egingo diete irailaren 30ean, eta Urkullu eta Barkos bertan izango dira, biktimen senideekin batera.
EITB.EUS
Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek ekitaldi instituzional batean hartuko dute parte irailaren 30ean, Espainiako Gerra Zibilaren ostean Gurseko kontzentrazio-esparruan sartutako "milaka pertsonek jasandako sufrimendu bidegabea oroitzeko eta aitortzeko".
Esparru hori, "euskaldunen esparrua" ere deitua, erregimen frankistaren biktimen aterpe izatekoa zen hasieran, eta azkenean kontzentrazio-esparru bihurtu zen. Gurs 60.000 pertsonaren helmuga izan zen.
Gurseko esparruko drama jasan zutenen familiak gonbidatuko dituzte bertara, baita memoriaren aldeko elkarteak ere, Eusko Jaurlaritzak agiri batean jakinarazi duenez.
Historia
Gurseko esparrua, hasieran, 1939an eraikitako errefuxiatu-esparru bat zen, Gerra Zibileko gudari errepublikanoak hartzeko. Ez zen bakarra; izan ere, urte horretan bertan, Frantziako Gobernuak zenbait esparru eraiki zituen estatu espainiarretik joan ziren 250.000 errefuxiatutik gora hartzeko. Agintari frantsesek erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eskaera onartu zuten, Gursen euskal herritarrak hartzeko. Estatuko txoko guztietatik joan ziren iheslariak gero.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, milaka pertsona iritsi ziren Gursera Hirugarren Reich-etik ihesi, gehienak juduak. Naziek Frantzia okupatu ondoren, Gurs kontzentrazio-esparru bihurtu zen eta milaka judu preso eraman zituzten hara.
Gurseko kontzentrazio-esparrua 52 herrialdetako 60.000 pertsonaren helmuga izan zen (6.500 euskaldun tartean). 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, sei konboik horietako 3.907 eraman zituzten Auschwitzera.
Esparrua 1950ean itxi zuten, eta ezer gutxi geratzen da ordutik; izan ere, barrakoiak suntsitu eta zuhaitzak landatu zituzten laurogei hektarea horietan.