Politika -
Epaiketa
'De Miguel' auziko epaiketa urtarrilaren 8an hasiko da
Ustezko ustelkeriagatik EAEn ikertutako auzi handiena da, eta, besteak beste, Alfredo de Miguel Arabako EAJko 'bigarren' ohia dago auzipetuen artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"De Miguel" auziko epaiketa 2018ko urtarrilaren 8an hasiko da Arabako Lurralde Auzitegian, eta auzipetuak otsailaren 19an hasiko dira deklaratzen, Arabako Fiskaltzak jakinarazi duenez.
"De Miguel" EAEn ikertutako ustezko ustelkeria auzi handiena da, eta Arabako EAJko zenbait goi-kargudun ohi nahasita daude bertan.
Besteak beste, Alfredo de Miguel Arabako EAJko 'bigarren' ohia eta Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko kide ohiak daude auzipetuta. Orotara, 26 pertsona eseriko dira akusatuen aulkian, eta Fiskaltzak 450 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu guztira.
Ministerio Publikoaren esanetan, De Miguel sare ustel baten burua zen, "mozkin ekonomiko ez zilegiak" lortzen saiatzen zena.
Horretarako, betiere Fiskaltzaren arabera, EAJn zituen ardurez baliatzen zen, hainbat "operazio ez zilegi" egiteko. Hamar aipatu ditu Ministerio Publikoak, horien artean Juan Jose Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzarekin egindako zenbait kontratazio.
De Miguelen defentsak aske geratzea eskatu du, eta "frogarik ez edukitzea" egotzi dio Fiskaltzari.
Auzi handia izanda, baliteke epaiketak hilabeteak irautea. Horren adibide da Fiskaltzak 67 lekuko eta 21 aditu deitu izana.
Gainera, lanak egin behar izan dituzte Gasteizko Justizia Jauregian, makroepaiketa hartu ahal izateko.