Politika -

Presoak

Europako Parlamentuak presoen urruntzea salatu du

Europako Parlamentuaren txostenak dio sakabanaketa "presoen senideei ezarritako zigor gehigarria" dela.

Europako Parlamentua. Argazkia: EFE
Europako Parlamentua. Argazkia: EFE
Europako Parlamentua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak presoen urruntzea salatu du, "haien senideei ezarritako zigor gehigarria delako".

Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten presoengan arreta berezia jartzea eskatzen du, "osasunerako eskubidea bermatuta dutela ziurtatzeko". Ildo horretan, gaitz larriak dituzten presoen "zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko" galdegin die kide diren estatuei.

Bergeron izeneko txostenak babes zabala jaso du: 474 baiezko, 109 ezezko eta 34 abstentzio.

Gara egunkariaren arabera, Espainiako PPk ekimenaren kontra bozkatu du, Europako Alderdi Popularraren Taldeko gainerako kideek aldeko botoa eman duten bitartean.

Ciudadanoseko eta UPyDko diputatuek ere aurka bozkatu dute, euren talde parlamentarioan (ALDE) dauden beste estatuetako kideek txostena babestu badute ere.

Bestalde, Sarek pozik hartu du Europako Parlamentuaren adierazpena, "Sarek eta euskal gizartearen gehiengoak iritzi publikoaren eta Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakundeen aurrean hainbat esandakoa berresten duelako".

Euskal presoen sakabanaketa duela 29 urte jarri zutela indarrean eta, beraz, "haien senideek 29 urte daramatzate Europako Parlamentuak aipatzen duen zigor gehigarri hori", salatu du.

Gauzak horrela, Europak esandakoa kontuan har dezatela eskatu die Sarek indar politikoei eta erakundeei. Era berean, sakabanaketa politika salatzen jarraitzeko dei egin die herritarrei.

Amaitzeko, euskal presoen eskubideen defentsan urtarrilaren 13an, Bilbon, manifestazioa izango dela gogoratu du Sarek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Zer ari da gertatzen Europan? Espainiako Gobernua argazkiak Presoak bideoak Gaurko azken orduko albistea