Politika -
Operazio poliziala
ETAren 70 kilo lehergai aurkitu dituzte Donostiako trasteleku batean
Lehergaiak eta armak horma faltsu baten atzean ezkutaturik zeuden, Katalina Eleizegi kaleko etxebizitza bateko sotoan dagoen trastelekuan, Donostiako Morlans auzoan.
Erredakzioa
Kloratita 70 kilo topatu ditu Guardia Zibilak arratsaldean, Donostiako trasteleku batean, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek jakinazi dutenez. Desegindako ETAko Imanol taldearen gordelekua zen.
Lehergaiak horma faltsu baten atzean ezkutaturik zeuden, Katalina Eleizegi kaleko etxebizitza bateko (9. zenbakia) sotoan dagoen trastelekuan, Donostiako Morlans auzoan.
Kloratitaz gain, hiru lapa-bonba, 6 detonagailu, teleaginte bat, munizioa eta lehergailuak egiteko tresna ugari aurkitu dituzte gordelekuan.
Gordelekua trasteleku txiki batean ezkutaturik zegoen, pladurrezko horma faltsu baten atzean.
Gordelekuak ate sekretu bat zuen, irekiera sistema disimulatu batekin. Zenbait torloju ezkutatzen zituzten objektu batzuk kendu behar ziren zabaltzeko. Ondoren torlojuak askatu behar ziren eta horrela soilik ireki zitekeen gordelekuaren atetxoa, horma faltsuaren atzean.
Lehergaiak aurkitu dituztela baieztatu ostean, artezilariak eta polizia zientifikoa elkarlanean hatz-aztarnak eta frogak aurkitzen saiatu dira eta, aldi berean, lehergaiak segurtasunez atera dituzte. Lau ordu behar izan dituzte material guztia gordelekutik ateratzeko.
Atristainen aurrean
Miaketa Javier Atristain Gorosabel, Golfo, Imanol taldeko ustezko kidearen aurrean egin dute. Taldea asteazkenean desegin zuen Guardia Zibilak.
Ibai Beobide ETAko kide "liberatua"k deklaratutakoaren arabera, Imanol taldea bere esanetara zegoen eta bi lonja zituen lehergaiak ezkutatzeko.
Horietariko bat asteazkenean Billabonan aurkitu zuten, barruan 100 kilo lehergai zituela.