Politika -
Katalunia
Kataluniari 'demokrazia eta legea' erabiliz erantzuteko eskatu du Urkulluk
Lehendakariaren iritziz, horrela hartu eta landu beharko lirateke gizarte katalanak dituen "asmo legitimoak".
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniari "demokrazia eta legea" erabiliz erantzuteko deia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan, Sopuertan (Bizkaia); Urkulluren iritziz, gizarte katalanak dituen "asmo legitimoek" hastapen demokratikoa eta legaltasun-hastapena uztartzen dituen erantzun bat behar jaso beharko lukete.
Olabarrieta burdindegian egindako bisitan (Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarekin izan dabertan), lehendakariak nabarmendu du Katalunian "sustraitze handia" eta "gizarte baten asmo legitimoak" daudela.
"Asmo horien sustraitze horrek erantzun jakin bat eskatzen du, alegia, demokrazia-hastapena eta legaltasun-hastapena uztartzen dituen erantzun bat. Eta, berretsi izan dudanez, legeak, errealismoak, zilegitasunak eta demokraziak bat egin behar dute elkarbizitzari laguntza eman diezaiokeen puntu batean", adierazi du.
Gainera, lehendakariak nabarmendu du berak ez diola zertan esan Carles Puigdemont Kataluniako Generalitatearen presidenteari zer egin behar duen independentzia-aldarrikapenaren gainean.
Eredua, Euskadin
Nabarmendu duenez, Euskadin "eredua dago, ikusteko nola garatu ahal diren are gehiago Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria eta Estatutuaren xedapen gehigarri bakarra"; hain zuzen, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak dio foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen direla, eta zehazten du foru-erregimen horren eguneratze orokorra Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren testuinguruan egingo dela, hala egin behar izatekotan.
"Eta hor dago gakoa: legaltasun-hastapena eta demokrazia-hastapena uztartzeko ahaleginean, asmo legitimoen sustraitze soziala handia duten gizarte modernoetan", adierazi du.
Puigdemontek Rajoyk egin dion errekerimenduari erantzun anbiguoa emateko aukeraz galdetu diotenean, Urkulluk nabarmendu du ez dela usteetan sartuko: "Generalitatearen presidenteari eta Kataluniako erakundeei dagokie erabakitzea zer egingo duten".
Konstituzioaren erreformaz: "Gure etxeari buruz hitz egin dezagun gehiago"
Urkulluk, halaber, Konstituzioaren erreformaz hitz egin du; haren esanetan, hasiko beharko litzateke, Legebiltzarrean sortutako Autogobernu Lantaldearen bidez, "gure etxeaz gehiago" hitz egiten.
Adierazi duenez, "akordioren bat adosten saiatu behar gara, itunen bat; izan ere, egin ahal izango dugunaren indarra, Estatuari ere begira, hemen, Euskadin adosten dugunaren araberakoa izango da. Ezin izango dugu Estatuarekin adostu ezer, ez badugu hemen adostu aldez aurretik".
Konstituzioaren erreforma Euskadirentzako ona izango litzatekeen galdetu diotenean, lehendakariak berretsi du egungo testuaren lehen xedapen gehigarria "askoz ere gehiago sakontzeko moduko baliabidea" dela, "XXI. mende honetan ere baditu ahalmenak".