Politika -

20. urteurrena

Senitartekoek eta lankideek Txema Agirre ertzaina omendu dute

ETAk hil zuen Guggenheimetik hurbil, museoa inauguratu baino egun batzuk lehenago.

Txema Agirre ertzainari omenaldia egin diote Bilbon. Argazkia: EFE
Txema Agirre ertzainari omenaldia egin diote Bilbon. Argazkia: EFE
Txema Agirre ertzainari omenaldia egin diote Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txema Agirre ertzainaren lankideek eta senitartekoek omenaldia egin diote gaur, Bilbon. ETAk duela 20 urte hil zuen Guggenheimetik hurbil, museoa inauguratu baino egun batzuk lehenago.

"Guztiek Museoa ikusi ahal izateko, herritarrengatik bizitza eman zuen", goraipatu dute ErNE eta ELA sindikatuek. Erakundeak eta Guggenheimeko patronatua omenaldian "gehiago inplikatu ez izana" deitoratu dute sindikatuek.

ErNE eta ELA sindikatuek deitu dute omenaldia, lankidearen "memoria ondratzeko" eta familiari elkartasuna adierazteko. Guggenheim Museoaren zelaigunean egin dute, hain zuzen ere, Txema Agirre plazan. Senideak eta Ertzaintzako kide ugari bertan izan dira.

Parte-hartzaileek lore eskaintza egin dute Txema Agirreren argazki aurrean. Ondoren, Txema Agirrek "ertzain lanbidea laguntzeko, gizartea babesteko eta bidegabekerien aurka borroka egiteko aukeratu" zuela gogorarazi dute sindikatuek. "Tolerantzia eta elkarrizketa bere armarik boteretsuenak" izan zirela erantsi dute.

"Bere uste sendoak defendatzeagatik eta gizartea babesteagatik Txema hil zuten. Bere heriotzak atsekabe handia utzi zigun guztioi, eta batez ere senideei eta lankideei", azpimarratu dute.

Txema Agirre ertzaina omenaldia efe

(Aurreskua, Txema Agirreren omenaldian. Argazkia: EFE)

 

Kritikak Urkulluri eta Beltran de Herediari

Bestalde, Covite biktimen elkarteak gogor kritikatu du Iñigo Urkullu lehendakaria eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea Txema Agirreren omenaldian egon ez izana.

Aitzitik, "Etakideei kalean omenaldiak egitea ahalbidetzen dute", salatu du elkarteak.

Coviteren esanetan, Agirrek "heroi baten moduan jokatu zuen", ETAk Guggenheim Museoaren inaugurazioan, Espainiako errege-erreginak han zirela baliatuta, atentatua egitea galarazi zuelako.

"Edozein herrialdetan Txema Agirre heroia izango litzateke eta agintarik omendu egingo lukete, baina hemen, bere hirian, alkatea eta lehendakaria ez dira errespetua adieraztera etorri, hain urteurren seinalatuan", erantsi du.

Era berean, Guggenheim Patronatuko arduradunen "inplikazio falta" ere salatu du, omenaldian izan ez direlako. "Agirrek egindakoa funtsezkoa izan zen museoaren historia odol putzu batekin ez hasteko", gaineratu du.

Bestalde, Ertzaintzako Esan sindikatuak "lotsagarritzat" eta "errespetu faltatzat" jo du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ekitaldira joan ez izana.

Erne sindikatuak ere kritikatu du Eusko Jaurlaritzako, Bilboko Udaleko, Guggenheim Patronatuko eta alderdi ezberdinetako ordezkariak omenaldian egon ez izana. Politikarien kasuan, Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularraren idazkari nagusia soilik izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Guggenheim Bilbao museoaren erakusketak Ertzaintza Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Albisteak Gaur Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa