Politika -
Osokoa Batzar Nagusietan
Ezker abertzaleak "estaldura demokratikoa" izatea eskatu du Olanok
Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, "Euskal Herria subjektu politiko gisa" aldarrikatu du.
Erredakzioa
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "estaldura demokratikoa" eskatu du "ezker abertzalearen demokratizazio nahia gauza dadin", izan ere, ezin zaio "bide demokratikoak soilik erabiltzea eskatu" eta aldi berean sistemaren "barruan sartzea galarazi".
Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkura irekitzeko hitzaldian egin ditu Olanok adierazpenok.
Ahaldun nagusiak uste du herritarrak "esperantza garai batean bizi direla" ETAren agiriaren ostean, baina euskal gizartearen deiari jaramon egin eta "indarkeria betiko bazter dezala" exijitu dio.
Dena dela, egungo egoera "betiko bakea lortzeko aurrerapausoa" dela onartu du, eta euskal gizarteak "argi" ikusten omen du, nahiz eta arduradun politiko eta publiko guztientzat "horrela ez izan".
Olanoren esanetan, "ETAren amaiera ikuspuntu polizialetik soilik begiratzeak oinarrizko akatsa du: indarkeria terrorista amaitzeko bide bakarra borroka polizial eraginkorra dela. Hori ez da horrela".
"Ez dut zalantzarik poliziaren lan eraginkorra ezinbestekoa dela", zehaztu du, "baina ETAren amaiera indarkeriari zilegitasuna ematen diotenen pentsamendu aldaketarekin etorriko da. Hori da ezker abertzalean izan den jauzi kualitatiboa".
Autodeterminazioa
Bestalde, Gipuzkoako ahaldun nagusiak "Espainiako Estatuak Euskal Herria subjektu politiko gisa" eta "erabakitzeko eskubidea" onar dezala exijitu dio, EAJk iragan larunbatean Donostian aurkeztu zuen egitasmoaren harira.
Bihar izango du jarraipena gaurko osoko bilkurak, gainerako talde politikoen erantzunarekin.