Politika -

KATALUNIA

Sanchez eta Cuixart kartzelatu izana salatu dute Nafarroako Parlamentuan

Parlamentuaren aurrean egindako kontzentrazioan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako legebiltzarkideek parte hartu dute.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako parlamentariek elkarreratzea egin dute. EFE
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako parlamentariek elkarreratzea egin dute. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrako parlamentariek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Ainhoa Aznarez presidentea buru zutela, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidenteak, hurrenez hurren, kartzelatu izana salatzeko.

Gaur goizean bertan deitu dute kontzentrazioa, Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaile Batzordearen ezohiko bilera egin ostean. Saio horietan, bi deklarazio instituzional onartu dituzte. Lehenengoak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren babesa jaso du, UPN eta PSN kontra azaldu dira, eta PPN, berriz, ez da joan.

Aipaturiko deklarazio horretan, bost minutuko kontzentrazioa deitu dute "Kataluniak bizi duen salbuespen egoera salatzeko" eta "askatasuna, demokrazia eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa" adierazteko. Halaber, "arazo politikoak konpontzeko bide bakarrak" elkarrizketa eta negoziazioa direla nabarmendu dute.

Horrez gain, Sanchez eta Cuixart kartzelatzea salatu dute, "babesa eta elkartasuna" azaldu diete, eta kezka agertu dute.

Hirugarren atal batean, "errepresioaren estrategia albo batera uzteko" eta "elkarrizketa abiatzeko eta eskubide zibil zein politikoak errespetatzeko bidea" bultzatzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Estatuko indarrei.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak PSNren deklarazioaren laugarren puntua onartu du, UPN, PSN, PPN eta Izquierda-Ezkerraren babesari esker; Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek, ostera, kontra bozkatu dute. Aipaturiko deklarazioan, aldebakarreko edozein independentzia deklarazio errefusatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PP UPN PSN Geroa Bai Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentua Nafarroako Podemos gaur