Politika -
Erronka
ETAren kontrako protesta bat deitzeko eskatu dio 'Adierazi EH'ri EAJk
Manifestaldiaren leloa proposatu du EAJko presidenteak: "ETA ez. Ez gaituzu zurekin".
Erredakzioa
''Adierazi EH'' plataformako kideei erronka bota die gaur Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, bizitzeko eskubidea "beste guztien aurretik" jar dezaten. Horrela, ETAren kontrako manifestaldi bat deitzeko eskatu die buruzagi jeltzaleak.
Protestaren leloa proposatzera heldu da EAJko presidentea: "ETA ez. Ez gaituzu zurekin".
"Ezker abertzaleari landutako bide aske" bat uzteko balio dezake ekitaldi horrek, Urkulluren hitzetan, "ETArengandik aldendu" eta "prozesu horretan laguntzeko aukera eman diezaguten".
Iragan larunbatean, Bilbon, egindako manifestaldia hizpide izan du berriro EAJko presidenteak, eta protestaren garapena eta amaiera antolatzaileek "esandako helburuarekin bat ez" zeudela errepikatu du.
EAJk manifestaldi hura babestu zuen, baina protestaren helburuak ''Adierazi EH'' plataformari amaieran emandako protagonismoarekin zerikusirik ez zuela errepikatu du azken egunetan, izan ere, leloa ''Manifestaldien debekuari ez. Inposaketarik ez, indarkeriarik ez. Giza eskubideei eta eskubide zibil eta politikoei bai'' izan zen. ''Adierazi EH''k aurretik bi protesta deitu zituen, baina Auzitegi Nazionalaren debekua jaso zuten eta Urkulluren alderdiak ez zituen babestu.