Politika -
Prentsa-agiria
Ezker abertzalea, EAJrekin elkarlanean aritzeko prest
"Interesez" jaso du "Batu Gaitezen" proposamena "erabakitze eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren inguruko indar metaketaren aldeko apustua egiten duen neurrian".
Erredakzioa
Ezker abertzaleak "interesez" jaso du EAJk iragan larunbatean Donostian aurkeztu zuen "Batu Gaitezen" ekimena eta EBBrekin batera "edukien eta sor litezkeen elkarlanerako esparru posibleen inguruan aritzeko prestutasuna" agertu du.
Era berean, prentsa-agiri batean ezker abertzaleak azaldu duenez, Euzko Alderdi Jeltzalearekin elkarlanean aritzeko prest dago ekimenak "erabakitze eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren inguruko indar metaketaren aldeko apustua egiten duen neurrian".
Gainera, "oso positibo" jo ditu Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Batzar Nagusietako osoko bilkuran "Alderdien Legearen derogazioaren eta Ezker Abertzalearen legalizazioaren inguruan" esandakoak, izan ere, legea indargabetzea eskatu zuen sektore politiko horri "estaldura demokratikoa" emate aldera.