Politika -
Urriaren 2an, Bilbon
'Nahikoa informazio' eman zutela diote manifestazioa deitu zutenek
Hala ere, "barkamena" eskatu dute "inor deseroso edo informazio nahikorik gabe sentitu bada", EAJk eta Aralarrek manifestazioaren ondorengo egunetan egin dituzten adierazpenen harira.
Erredakzioa
Bilbon iragan urriaren 2an egin zuten manifestazioko deitzaileek, zenbait partehartzaileren aldetik jaso dituzten kritiken aurrean, protesta-ekitaldiaren aurretik "nahikoa informazio" eman zutela ziurtatu dute. Hala ere, "barkamena" eskatu dute "inor deseroso edo informazio nahikorik gabe sentitu bada".
Manifestazioa deitu zuten eragileek prentsa-agiria kaleratu dute Aralar eta EAJ alderdiek manifestazioaren osteko komunikatuz egin dituzten adierazpenei buruzko iritzia emateko. EAJk "mingarri"tzat jo zuen eta Aralarrek "adostu" ez izana salatu du.
Manifestazioa "arrakastatsua" izan zela eta parte hartu zuten "milaka lagunek, joera politiko eta sozial desberdinetakoek, publikoki eskubide zibil eta politikoak eta elkarbizitza baketsua aldarrikatu" zutela gogora ekarri ostean, "alderdiek, sindikatuek eta erakundeek nahikoa informazio" jaso zutela ziurtatu dute.
Dena dela, "inor deseroso edo informazio nahikorik gabe sentitu bada, gure gain hartzen dugu borondatearen kontrako akatsa egin izana, sentitzen dugu eta barkamena eskatzen dugu", nahiz eta "ez duten gure iritziarekin bat egiten".
Manifestazioaren amaieran irakurri zuten adierazpenaren harira, debekatutakoaren deitzaileei "hitza eman" nahi zietela azaldu dute, herritarrek "informazioa zuzenean jaso zezaten, bitartekaririk gabe; horrela, debekuen justizia ala injustizia balora zezaten".
Ondorio gisa, agiriaren sinatzaileek "gogoeta serioa" egitea eskatu dute, "ekitaldi bateratu batean, manifestazio batean, nola jokatu behar dugun", izan ere, "eskenatoki edo garai berri batean sartzeak jarrera berria eskatzen digu denoi".