Politika -
Boto asmoari buruzko inkesta
Soziometroa: EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eserleku bat gehiagorekin
EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk gaur egun duten ordezkaritzari eutsiko liokete eta Elkarrekin Podemosek legebiltzarkide bat galduko luke.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko hauteskundeak gaur egingo balira, EAJk irabaziko lituzke 29 eserlekurekin, gaur egun duena baino bat gehiagorekin, alegia. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk egungo ordezkaritzari eutsiko liokete, hots, 18 eta bederatzina, hurrenez hurren. Elkarrekin Podemosek, bestalde, legebiltzarkide bat galduko luke (10; gaur egun 11 ditu).
Eusko Jaurlaritzako Propekzio Soziologien Kabineteak egindako azken Soziometroaren emaitzak dira honakoak. Inkesta urriko azken astean egin zieten EAEko 2.295 biztanleri. Martxoko eta ekaineko galdeketetan ere emaitza berdinak kaleratu zituen Jaurlaritzak.
Emaitzokin, Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa (38 legebiltzarkide) edukiko lukete EAJk eta PSE-EEk, baldin eta koalizio gobernua berriz osatuko balute.
Lurraldeka
Bizkaian jazoko litzateke eserleku dantza. EAJk lurralde horretan duen gehiengoa indartuko luke, ordezkari bat gehiago lortuta (12 eta botoen % 42,5). EH Bildu izango litzateke bigarren indar (bost legebiltzarkide eta botoen % 19,2). Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk hiruna jarleku eskuratuko lituzkete, lehenengoak bat galduko balu ere —boto portzentajea % 12,3koa eta % 11,5ekoa, hurrenez hurren—. Alderdi Popularrak bi ordezkari izango lituzke (% 9,2).
Gipuzkoan egungo banaketa bera izango genuke: EAJk, bederatzi legebiltzarkide (% 29,5); EH Bilduk, zortzi (% 19,8), Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, hiruna —boto portzentajea % 12,3koa eta % 12,7koa, hurrenez hurren— , eta PPk, bi (% 7,1).
Araban ere berdintsua litzateke egoera: jeltzaleek zortzi ordezkari lortuko lituzkete (botoen % 29,5); EH Bilduk eta PPk, bosna (% 19,8 eta % 18,1); Elkarrekin Podemosek, lau (% 13,4) eta PSE-EEk, hiru (% 12,6).