Politika -
KATALUNIA
EAJk ez du Madrilekin negoziatuko Kataluniak erakunde legitimoak izan arte
Espainiako Aurrekontuak 155. artikuluaren aplikazioa onartu zuten alderdiekin negoziatzeko esan dio Andoni Ortuzarrek Espainiako Gobernuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko gaur goizean elkarrizketa batean aurreratu duenez, haren alderdiak ez du Madrilgo Gobernuarekin Espainiako Aurrekontuez hitz egingo harik eta Kataluniak "erakunde legitimoak eta legitimatuak" izan arte.
Cadena Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan esan duenez, Espainiako Gobernuak Aurrekontuak negoziatzeko "presa" baldin badu "hitz egin dezala 155. artikuluaren aplikazioa onartu zutenekin", PSOEri eta Ciudadanosi erreferentzia eginez.
Ortuzaren esanetan, "(Espainiako) Gobernuak eta PPk badakite salbuespen egoera honen aurrean, 155. artikulua mahai gainean eta Kataluniako buruzagi politiko andana kartzelan egonda", EAJ ez da "lotuta" sentitzen negoziatzera esertzeko. Haren hitzetan, "koherentea" litzateke Espainiako Gobernuak "155aren gehiengo eztabaidaezinarekin" Aurrekontuak hitzartzea.
Buruzagi jeltzaleak azpimarratu duenez, Katalunian "normaltasuna nola berrezartzen" dela eta "erakunde legitimo eta legitimatuek" gobernatzen dutela ikusi arte itxarongo du EAJk, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen hasi ala ez eta lurralde ereduari buruz Diputatuen Kongresuan osatutako batzordera bat egin ala ez erabakitzeko.
EAJk "kezka" handiz ikusten du Espainian zein Katalunian "gerra hotsak" nagusitu izana. Ziurtatu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak bitartekari gisa hauteskundeak aurreratzeko egindako proposamenak porrot egin zuen enfrentamenduaren estrategiaren aurrean.