Politika -

Elkarrizketa

Lehergai ikastarorik sekula eman ez duela esan du Cubillasek

Venezuelako enbaxadaren aurrean protesta egin ordez, Moncloan egitea gomendatu dio AVTri ETAko ustezko kideak, "elkarrizketa espazioak" eskatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakunde terroristako kideei lehergaiak erabiltzeko ikastarorik sekula eman ez diela adierazi du gaur Arturo Cubillas Fontan ETAko ustezko kideak Caracaseko egunkari batean egindako elkarrizketan. ETAk eta FARCek Venezuelako Gobernuarekin izan dezaketen lotura ikertzen ari den kasuan auzipetu du Cubillas Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Cubillas Venezuelako Lur Institutu Nazionaleko (INTI) Segurtasun buruzagia da egun. Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAko ustezko kideak Guardia Zibilak galdekatu zituenean, erbesteratuak Guasdualiton (Venezuela) lehergaien erabileran trebatu zituela erantzun zuten bi atxilotuek.

Elkarrizketan, Atristain eta Besance ezagutzen dituen erantzutea saihestu du Cubillasek, baina "Venezuela erreferentzia bihurtu da aspaldiko urteetan eta hori ez da sekretua inorentzat, ez bakarrik euskal ezkerrarentzat, munduko ezkerrarentzat baizik", adierazi du. Horregatik, "Caracaseko auzo batean alemaniar, ingeles, kataluniar, gringo eta euskal herritar taldeak aurkitzea ez da arraroa", Cubillasen hitzetan.

"Venezuelako euskal herritar bat beste euskal herritar heldu berri batekin biltzea delitua izango da?", azaldu du Cubillasek. "Espainiako Estatuaren estrategia hori bada, arazo asko izango ditu, izan ere, euskal herritar askok bisitatzen dute Venezuela", erantsi du.

Erasoak AVTri

Elkarrizketan zehar ETAko ustezko kideak AVT bezalako biktimen elkarteei gogor eraso egiten die. Cubillas 1989 erbesteratu zuten. Biktimen elkarteetako kideek "hildako semeetaz hitz egiten dutenean hamarkadetan zehar milaka euskal herritar hil, desagertarazi, torturatu eta espetxeratu dituztenei buruz hitz egiten ari dira", salatu du ETAko ustezko kideak.

Venezuelako enbaxadaren aurrean protesta egin ordez (urriaren 14an egin bezala), Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen egoitzan egitea gomendatu dio AVTri Cubillasek, "liskarrak gainditzeko elkarrizketa espazio berriak bilatzeko pausoak ematen has ditzan" eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea