Politika -
Katalunia
Gaur jakinaraziko du Gorenak kontseilariak eta 'Jordiak' aske utziko dituen
Epailearen aurrean, Konstituzioa eta 155. artikulua errespetatuko zituztela hitzeman dute guztiek. Fiskaltzak, ordea, kartzelan jarraitu behar dutela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Behin-behineko espetxealdian dauden Kataluniako zortzi kontseilari kargugabetuak eta ANCren eta Omnium Culturaleko presidenteak aske utziko ote dituen jakinaraziko du gaur, astelehena, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak.
Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea espetxean daude urriaren 16az geroztik; Kataluniako Generalitateko zortzi kontseilariak, Oriol Junqueras presidenteorde ohia barne, berriz, azaroaren 2az geroztik daude kartzelan. Auzitegi Gorenean auzi guztiak bildu zirenean, epailearen aurrean berriro deklaratzea eskatu zuten, eta horren harira, Llarena epaileak erabakia hartu beharko du.
Deklarazio horietan, zortzi kontseilariek eta 'Jordiek' Konstituzioa eta 155. artikulua errespetatuko zituztela hitzeman zuten (bestela, ezin izango zuten abenduko 21eko hauteskundeetara aurkezteko aukerarik).
Goreneko epaileak bere erabakia zabalduko du bihar, Kataluniako hauteskunde-kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago. Espetxeratutako kontseilarien artean, sei daude hauteskunde-zerrendetan.
Fiskaltzak eta herri-akusazioak, bestalde, kontseilariek ihes egiteko eta delitu bera berriro egiteko arriskua dagoela uste dute. Ondorioz, "ikertutako gertaeren aurrean", kontseilariek eta 'Jordi'ek behin-behineko espetxealdian jarraitzea eskatu dute.