Politika -

Erantzuna, PPri

Mendiak dio Jaurlaritzak ez duela ETAren aurkako politika aldatuko

Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, lehendakariak euskal alderdi politikoekin egin nahi duen bilera-sorta legealdi hasieratik egiten ari denaren baitan kokatu behar da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du lehendakariak euskal alderdi politikoekin egin nahi duen bilera-sorta legealdi hasieratik egiten ari denaren baitan kokatu behar dela eta PPri erantzun dio terrorismoaren kontrako politikari eutsiko diola.

Magistraturaren Elkarte Profesionalaren Batzordeak Bilbon egin duen bileraren hastapenean Mendiak kazetariei azaldu dienez, "sektore politiko batzuetatik ekimena hartzeko eskatzen zioten lehendakariari" bakegintzan aurrera egiteko eta "agian, terrorismoaren kontrako politika aldatu nahi zuten".

Baina, argitu duenez, lehendakaria "ez dabil horretan" eta garrantzia kendu nahi izan dio Patxi Lopezek euskal alderdiekin egingo duen bilera-sortari, izan ere, Jaurlaritzara iritsi zenetik "harreman diskretu asko" izan dituela zehaztu du.

Orain, Legebiltzarreko "talde politiko guztiekin egingo ditu bilerak", eta "besteak beste", ETAren eta terrorismoaren kontrako politikaren egoeraz hitz egingo du, Mendiaren esanetan.

Era berean, PPri erantzun dio ez duela "beldurrik" izan behar, Eusko Jaurlaritzak ez baitu terrorismoaren kontrako politika aldatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea