Politika -
Kaleko indarkeria
Ares: 'Ekintza terroristak egiten dituzten guztiak zigortuko ditugu'
2001ean ustez zenbait ertzaini eraso egin zien gazte bat atxilotu izanagatik pozik agertu da Herrizaingo sailburua. Eraso hartan parte hartu zuten lagun guztiak atxilotzeko lanean ari direla esan du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur azpimarratu duenez, "ekintza terroristak burutzen dituztenek ez dute inolako inpunitaterik izango". Legebiltzarreko pasabideetan egin ditu adierazpenok, Rafael Iturriaga Segurtasuneko sailburuordea eta Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendaria alboan zituela.
Rodolfo Ares pozik agertu da gaur goizean Ertzaintzak Ortuellan kaleko indarkeriarekin lotutako gazte bat atxilotu duelako. Zehazki, 2001ean, Portugaleten, zenbait ertzainen aurka izandako erasoan parte hartu izana leporatzen diote. Eraso hartan bi ertzain larri zauritu ziren.
"Eraso hura oso ondo prestatuta egon zen eta garai hartan ''kale borroka''ren lehen lerroan aritzen ziren pertsonek burutu zuten", azpimarratu du. Gainera, lagun horietako bat gerora ETAko kide izan zela ere adierazi du.
Aipatu erasoarekin lotuta, guztira zazpi pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du, bost 2002an, beste bat 2008an eta azkena, gaur. Horietako bosti 22 urteko kartzela-zigorra ezarri dietela azaldu du.
Ares eraso hartan larri zauritu ziren ertzainekin harremanetan jarri da, atxiloketaren berri emateko eta erasotzaile guztiak atzemateko lanean jarraitzen dutela gogorarazteko.