Politika -
Eztabaida
Blanco: 'De la Rivaren hitzak emakume guztien aurkako eraso bat dira'
Javier De la Riva Valladolideko alkatearen hitzak "matxistak" direla esan du PSOEko idazkari nagusiak. "Berehala" erantzun "sendoa" emateko eskatu dio Mariano Rajoyri.
Erredakzioa
Javier de la Riva Valladolideko alkatearen hitzak "matxistak, onartezinak eta nazkagarriak" izan direla esan du Jose Blanco PSOEko idazkari nagusiak. Mota horretako adierazpenekin "emakume guztiei eraso egiten" zaiela erantsi du Blancok. Horregatik, "berehala" erantzun "sendo" bat emateko eskatu dio Mariano Rajoy PPko presidenteari.
Ferrazen egindako agerraldian, De la Rivaren hitzak "ezohikoak" direla azaldu du PSOEko buruzagiak, eta "normalak ez bihurtzeko ekin egin behar" dela gaineratu du. "PPk berdintasunean sekula sinetsi ez duela argi dago, horregatik batzuk benetan pentsatzen dutena agerian uzten dute orain", deitoratu du Blancok.
Hala ere, inoiz ez zeharkatu beharreko "marra gorriak" daudela ohartarazi du. Horregatik, neurriak hartzeko eskatu dio PPko buruzagiari.
Kasu hauek ezohikoak izaten jarraitzeko PPko presidenteak "esku hartu behar du, nahiz eta azkenekoz izan, ekin behar du", Blancoren hitzetan.
Horrela ez badu egiten De la Rivaren "adierazpen matxisten, onartezinen eta nazkagarrien konplizea" izango litzatekeela gaineratu du PSOEko agintariak.
"Guztien erantzuna"
Blancoren ahotan, "emakumeen kontrako erasoen aurka guztiak batera erantzun behar dugu eta emakumeen duintasunari kalte egiten dioten adierazpen edo ekintza oro gaitzetsi, kaltetua zeinahi izan".
Agerraldia amaitu baino lehen, PSOEko idazkariorde nagusi gisa adierazpenik aspaldi egiten ez duela gogorarazi du Blancok, baina Valladolideko alkatearen hitz "sexistek eta matxistek" erreakzio hori eskatu dute, PPren erantzuna eskatzen duten bezala.