Politika -
Alderdien arteko ika-mika
Ezker abertzaleak ETA gaitzestea 'nahikoa' litzatekeela dio Benegasek
Alderdien Legearen erreforma prestatzen ari den diputatu sozialistak adierazi du Batasuna hauteskundeetan aurkeztu ahal izango dela, nahiz eta ETAk armak ez utzi, indarkeriatik aldentzen bada.
Erredakzioa
Jose Maria ''Txiki'' Benegas PSE-EEk Kongresuan duen diputatu eta indarkeria babesten dutenak erakundeetan sartzea galaraztea helburu duen Alderdien Legearen erreformaren egileak ukatu egin du Batasunarekin hartu-emanak dituztela eta, inportanteena ETAk armak uztea dela aitortu badu ere, legez kanpoko alderdiak terrorismoa gaitzestea ''nahikoa'' izango litzatekeela hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.
Behe Ganberan egindako adierazpenetan, Benegasek hitz horiekin erantzun die Tasio Erkizia Herri Batasuneko buruzagi historikoari eta Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileari.
Izan ere, lehenengoak ziurtatu du Alderdi Sozialistak "hurbiletik" ezagutzen dituela ezker abertzalea bide politikoen alde egiten ari den urratsak, eta bigarrenak adierazi du Batasunak ETA gaitzestea ez dela nahiko, eta erakunde terrorista desagertu egin behar dela legez kanpoko alderdia hauteskundeetara aurkezteko.
Testuinguru horretan, diputatu sozialistak nabarmendu du PSOEren jarrera "argia eta irmoa" dela, eta hori zein den azaldu du: "ETA desagertu egin behar da, edo hala gertatu ezean, Batasunak indarkeria eta terrorismoa argi eta garbi errefusatu behar ditu".
Kazetariek Saenz de Santamariaren hitzei buruz galdetu diote, eta hark aitortu egin du "inportanteena" ETAk armak uztea dela. "Dena dela, ETAk armak utziko ez balitu eta Batasunak ETA argi eta garbi gaitzetsiko balu eta praktikan hala gertatu dela ikusiko balitz, nahikoa litzateke", gaineratu du.
Aldez aurretik Jose Blanco Sustapen ministroak azpimarratu duenez, ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan parte hartu nahi badu, "Alderdien Legea bete eta terroristengandik aldendu beharko du".
"Batasunak Alderdien Legea betetzen badu, indarkeria gaitzesten badu eta terroristengandik aldentzen bada, hauteskundeetan izango da", adierazi du. "Baina ez gara ari ezer berria esaten; jakina da esaten ari garena", erantsi du Blancok.
Urkulluk uste du Batasunak jada estatutu berriak prest izan ditzakeela
Bestalde, Iñigo Urkullu EAJko presidentearen iritzian, "baliteke honez gero Batasunak prest izatea datozen hauteskundeetan egon ahal izateko behin betiko apustua eta alderdi politiko berri baterako estatutuak aurkeztea".
Ildo horretan, ezker abertzalea erlojuaren kontra ari dela esan du. "Indarkeriaren amaierarako eta bakea lortzeko bidean bost minutu baino ez zaizkio geratzen puntura heltzeko", esan du.
Biktimen elkarteak ez dira Zapateroz fidatzen
Batasuna erakundeetan izatea ez dute inolaz ere onartuko terrorismoaren biktimen elkarteek, "aurretik, beti, Zuzenbide Estatuari iruzur egin diotelako", hauteskundeetan egoteko helburu bakarrarekin.
Datorren urteko hauteskundeetan egoteko bete beharko lituzketen baldintzei buruz, biktimen elkarte ezberdinek ezker abertzalearentzat onurarik ekarriko lukeen mesederik onartuko ez dutela ohartarazi dute.
Izan ere, AVTk Covitek, Dignidad y Justiciak, Miguel Angel Blanco Fundazioak eta Gregorio Ordoñez Fundazioak bat egin dute haien jarrera islatzeko. Zapaterok ETAren amaieraz esandakoekin "kezkatuta agertu dira", eta presidenteari EAJrekin zer sinatu duen azaltzeko eskatu diote.
"ETA-Batasuna hauteskundeetan egoteko aukera Zapateroren buruan al dago?", galdetu dute.