Politika -
Alderdiei dirulaguntzak
Alderdiek segurtasunagatik jasotzen duten laguntza kendu nahi die Kontuen Auzitegiak
2002an hasi ziren alderdi politikoak dirulaguntzak jasotzen, ETAren mehatxuagatik zituzten gastuei aurre egiteko, baina 2011tik jarduera armaturik ez du ETAk.
Agentziak | Erredakzioa
Kontuen Auzitegiak urtero alderdi politikoei euren segurtasun gastuak arintzeko ematen zaien dirulaguntza kentzea proposatu du. 2002an hasi ziren alderdi politikoak ETAren mehatxuagatik zituzten gastuei aurre egiteko dirulaguntzak jasotzen, baina 2011tik jarduera armaturik ez du ETAk.
Ramon Alvarez de Miranda buru duen Auzitegiak orain arte dirulaguntzak "murriztea" gomendatzen zuen, baina egun hauetan Kongresuari igorritako 2014-2015eko kontuen auditoria txostenean, zuzenean, "horiei eustea komenigarria den aztertzeko" eskatu die alderdiei.
Dirulaguntza horiek egindako gastuaren dokumentazioa edo fakturak aurkeztuta justifikatu behar dira, baina Kontuen Auzitegiaren arabera, ohikoa da alderdiek horiek ez aurkeztea eta berdin-berdin kobratzea. Justifikanteak aurkeztu ez dituzten kasuetan dirulaguntzak itzultzeko ere eskatu die alderdiei.
2017an, adibidez, ia milioi bat euro jaso ditu PPk kontzeptu honetan, 635.000 PSOEk, 350.000 Podemosek eta 325.000 Ciudadanosek.