Politika -
Ustelkeria Valentziako PP-n
Fiskaltzak Correaren zigor-eskaera murriztuko du, epaiketan kolaboratzen badu
Valentziako PPk diru beltzean ordaintzen ziola aitortu du Francisco Correak espetxetik bidalitako gutun batean.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan hasi da Auzitegi Nazionalean Valentziako Alderdi Popularraren finantzazioan izandako irregulartasunei lotutako kasuaren epaiketa, Gürtel auziaren baitan.
Auzipetuak, orotara, 19 dira eta tartean ondokoa daude: Francisco Correa, Pablo Crespo eta Alvaro Perez 'El Bigotes' Gürtel sarearen arduradunak; Francisco Camps Valentziako presidente ohia; PPko kargu ohiak; eta hamar bat enpresari.
2007ko hauteskunde autonomikoetako eta udal-hauteskundeetako kanpainak eta 2008ko hauteskunde orokorretako kanpaina legez kanpo finantzatu izana leporatzen diete.
Lehendabiziko saio honeta, Miriam Segura fiskalak esan du Francisco Correaren aurka eskatutako 24 urteko espetxe-zigorra murriztu egingo duela, Gürtel sarearen buruzagiak epaiketan justiziarekin kolaboratzen jarraitzen badu eta egindako kaltea konpontzeko borondatea erakusten badu.
Valentziako PPk diru beltzean ordaindu ziola aitortu zuen duela gutxi Francisco Correak espetxetik bidalitako gutun batean. Idatzian azaldu zuenez, Valentziako Alderdi Popularrak Orange Market enpresa erabiltzen zuen kanpainako ekitaldiak ordaintzeko eta faktura faltsuak egiten zituen enpresariei dirua emateko.
Epailearen haserrea
Bestalde, Jose Maria Vazquez Honrubia haserre agertu da akusatuen abokatuekin, behin eta berriro argudio berberak aurkeztu dituztelako, epaiketa bertan behera gera zedin.
Lehendabiziko saioa epaiketa aurreko gaiak aztertzeko erabili dute. Defentsek epaiketa baliogabetzea eskatu dute, hauteskundeei lotutako delituak preskribatuta daudela edo auzipetuen oinarrizko eskubidea urratu direla argudiatuta.
"Tematiak zarete benetan; hirugarren aldia da dagoeneko argituta dauden arrazoiak mahai gaineratzen dituztela", kritikatu du epaileak.
Izan ere, gai horiek guztiak Gürtel auziari lotutako lehen epaiketan (1999-2005) argitu zituzten jada.
Horrenbestez, epaileak atzera bota ditu defentsek eskaerak, auzipetuei leporatzen zaizkien delituak preskribatuta ez daudela berretsita.