Politika -
Terrorismoaren biktimak
Presoak hurbiltzeko Frantziaren plana entzungo du Marimar Blancok
Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea urtarrilaren 24an Parisera joango da, Frantziako Gobernuaren egitasmoa ezagutzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Marimar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea urtarrilaren 24an Parisera joango da, Frantziako Gobernuak ETAko presoak Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara eramateko duen plana ezagutzeko.
Fundazioaren sari banaketa bukatu ondoren, Blancok iragarri duenez, bilera Frantziako Justizia Ministerioak deitu du, konkretuki, Helene Davo zuzendariondokoak, Espainiaren lotura magistratua izandakoak.
Hitzordura joango dela baieztatu du Marimar Blancok, baina albistearekin harrituta agertu da, bi estatuek orain arte mantendu duten espetxe politika komuna aldatzea suposatuko lukeelako. Blancoren hitzetan, sakabanaketak emaitza onak eman ditu. “Guztiak norabide berean joatea garrantzitsua da”, erantsi du.
Emmanuel Macronen Frantziako Exekutiboak ETAko zenbait presoren eskaera indibidualak aintzat hartzea erabaki du, Euskal Herritik hurbilago dauden espetxetara eramateko, zehazki, Landetako Mont de Marsan kartzelara, eta Pirinio Garaietako Lannmezan presondegira.
ETArekin zerikusia duten auziengatik Frantzian preso dauden pertsonak 60 inguru dira, eta horietatik ia erdia DPS (Atxilotu Bereziki Seinalatua) deritzonak dira, segurtasun erregimen eta murrizketa neurri bereziekin espetxe barruan.
“Guztiz” aurka
Presoak edonola hurbiltzearen “guztiz” kontra agertu da Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea, sakabanaketa politika tresna “oso eraginkorra” izan delako ETAren aurkako borrokan. Zentzu horretan, ETA oraindik akabaturik ez dagoela ohartarazi du Blancok.
Espetxe politika komuna aldatzeko arrazoirik ez dagoela uste du Blancok; izan ere, ETAk ez du bere jarrera aldatu, ez da desegin, ezta arma guztiak entregatu eta egindako kaltea onartu ere.