Politika -

2018ko AURREKONTUAK

EAJk ukatu egin du Estatuko aurrekontu orokorrak negoziatzen ari denik

Rafael Hernando PPren Kongresuko bozeramaileak atzo esan zuenez, bere Gobernuak "berriz ekin dio" aurrekontuen inguruko negoziaketari EAJrekin, baina Josune Gorospe legebiltzarkideak ukatu egin du.

Josune Gorospe Radio Euskadiko tertulian. Argazkia: EiTB
Josune Gorospe Radio Euskadiko tertulian. Argazkia: EiTB
EAJ: 'Kataluniara normalizazioa heldu arte, ez dugu PPrekin negoziatuko'

1:45

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josune Gorospe EAJko legegiltzarkideak ukatu egin du jeltzaleak PPrekin 2018ko Estatuko aurrekontu orokorrak negoziatzen ari direnik eta Kataluniako egoera normaltasunera itzuli bitartean bere alderdiak ez duela negoziatuko zehaztu du.

Rafael Hernando PPren Kongresuko bozeramaileak atzo esan zuenez, bere Gobernuak "berriz ekin dio" aurrekontuen inguruko negoziaketari bai EAJrekin bai Ciudadanosekin, eta horri buruz galdetuta, EAJko ordezkariak ukatu egin du hori horrela denik, "Kataluniako egoerak ez baitu uzten". Hala ere, "egoera ezberdina balitz" bere alderdiak "Euskadiren interesak edonon" defendatuko dituela nabarmendu du.

Gai hori eta Euskadiri falta zaizkion eskuduntzen itzulera ere bereiztu egin nahi izan ditu Gorospek. Hori "gobernuen arteko negoziaketan sartzen baita".

PPren ordezkari Laura Garridok, bere aldetik, "arduraz jokatzeko" eskatu dio EAJri, egonkortasuna lortzen aldera.

Garridok esan du Estatuko aurrekontuetarako akordioa nahi lukeela, eta gogorarazi du "PPk arduraz jokatu duela Euskadin, hemengo aurrekontuak onartzea ahalbidetuz".

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, EAJri ez zaio une honetan "oso estetikoa" iruditzen PPrekin berriz ere Estatuko aurrekontuak adostea baina egoera "egokiago" baten zai dagoela uste du.

EH Bilduko ordezkariaren arabera, EAJk Espainiako Gobernuaren 2017ko aurrekontuak onartu eta gero, "nolabaiteko ardura du gero 155 artikulua aplikatu duen Gobernuari eutsi diolako" eta zalantzagarritzat jo du EAJk Madrilen "gauzak lortzeko duen modua". Ildo horretan, Madrilgo Gobernuak "transferentziak xantaia modura" erabiltzen dituela salatu du.

Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak EAJri "gardena ez izatea" leportau dio. "Betikoa errepikatzen ari dira", "aurrekontuen negoziaketaren aurretik eskumenen gaia ateratzen dute berriz ere" adierazi du. "EAJ bere jarrera markatzen hasten da, gestore ona dela, eskumenak eskatzen dituena… eta azkenean, PPrekin musu ematen amaitzen du".

José Antonio Pastor sozialistak, berriz, EAJrekin bat egin du: "Gauza bat dira transferentziak", "gobernuen artean negoziatzen direnak", "eta beste gauza bat dira aurrekontuen negoziaketak. Horiek alderdien artean negoziatzen dira" esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua PNV-EAJ Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Alderdi politikoak Aurrekontu Orokorren albisteak