Politika -
Herrizaingo Saila
Informazio-sistema berritzailea ezarriko du Ertzaintzak
Patruila guztiek izango duten sistema berri horri esker, ertzainek momentuan bertan izango dute ibilgailuen edota pertsonen inguruko datuak. Gainera, herritarrek kalean egin ahalko dituzte salaketak.
Erredakzioa
Ertzaintzak, datorren urtetik aurrera eta apurka-apurka, informazio-sistema berriak ezarriko dute patruila guztietan. Sistema berri horren bitartez, ertzainek berehala izango dute eskura ibilgailuen edota pertsonen inguruko informazioa eta herritarrek kalean bertan jarri ahalko dituzte salaketak. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean aurkeztu ditu gaur bere departamentuari lotutako aurrekontuak. 2011an, 704 milioi euro izango ditu Herrizaingo Sailak, ikasturte-politiko honetan baino % 1,2 gutxiago.
38 milioi euro Ertzaintzaren informazio-sistema berritzeko erabiliko dute, izan ere, egungoak 20 urte baino gehiago ditu eta, Aresen hitzetan, "zaharkitua geratu da".
Ibilgailu berriak erosteko 4,6 milioi erabiliko dituzte, eta ertzainen uniformeak eraberritzeko, 3,8 milioi.
Aurrekontu honetan badago nobedade bat: 150.000 euro Ertzaintzaren baitako lan-absentismoa murrizteko erabiliko dute. Euskal Polizia autonomikoaren funtzionamendua finantzatzeko, berriz, aurrekontuaren % 93a erabiliko dute: 659 milioi euro.
ETAren mehatxua
Segurtasunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 88 milioi euro xahutuko ditu ETAk mehatxatuta dauden pertsonen segurtasun pribatua bermatzeko, hau da, aurten baino % 10 gutxiago.
Aresek azaldu duenez, murrizketa hori segurtasun zerbitzua eman den berregituraketaren ondorio da. Atentatuen helburu izan daitezkeen egoitzak eta eraikinak zaintzeko 2,5 milioi euro erabiliko dituzte. Gainera, EAEko udalek 662.000 euro jasoko dituzte ETAren biktimak iraintzen dituzten pankartak eta kartelak kentzeko. Terrorismoaren Biktimak Artatzeko Zuzendaritzak 2,5 milioi euro izango ditu erabilgarri.
Indarkeria matxista
Emakumeen kontrako Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Zuzendaritzak ere aurrekontu handiago izango du, % 12 gehiago, hain zuzen ere, "indarkeria matxistari aurre egitea eta biktimei laguntza ematea lehentasuna baita", esan du Aresek.
Bestalde, Ertzaintzaren Akademiak 14 milioi euro jasoko ditu, aurten baino bi milioi gutxiago, agente berrien trebakuntzarako.
2011. urtean Arkautiko Akademiatik 15.000 ikasle igaroko direla iragarri dute, aurten, berriz, 12.000 izango dira.