Politika -

'Memoriaren eguna'

Maixabel Lasak biktimen 'memoriaren balioa' goraipatu du

Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritzak "pena" agertu du Aralarrek ez duelako babestuko 'Memoriaren eguna'ren adierazpena eta ekitaldia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimen Arretarako zuzendariak biktimen "memoriaren balioa" eta "bakea lortzen denean ahanzturan ez erortzeko beharra" azpimarratu du.

''Memoriaren eguna''ren ekitaldien, datorren hilaren 10ean, aurkezpenean egin ditu adierazpenok Lasak.

Bertan, adierazpen bat irakurriko dute, baina oraindik ez dute Legebiltzar osoaren babesa lortu. Txema Urkijo Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren aholkulariak esan du "pena" ematen diela Aralarrek testua ez babestea. Izan ere, alderdi abertzaleak "biktima politiko guztiak" omentzea eskatu zuen.

Hala ere, Urkijok gogorarazi du testua Biktimen Legearen bigarren artikuluan oinarrituta idatzi dutela eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien, Jaurlaritzaren eta Eudelen babesa jaso duela.

Era berean, Urkijok esan du Biktimen Arretarako Zuzendaritzak lan egingo duela Aralarrek datorren urteko ''Memoriaren eguna'' babes dezan.

Ekitaldiei dagokienez, Lasak esan du 10:00etan hasiko direla Ajuria Enean Patxi Lopez lehendakariaren harrerarekin. Terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazio guztiak bertaratuko omen dira eta adostutako adierazpena irakurtzeaz gain, Agustin Ibarrolak egindako biktimen omenezko eskultura bat aurkeztuko dute.

Horren ondoren, Eusko Legebiltzarrak, hiru lurraldeetako batzar nagusiek eta udalek adierazpena irakurriko eta onartuko dute, "memoriaren balioa" goraipatze aldera eta "bakea lortzen denean" biktimak "ahanzturan ez erortzeko" helburuarekin.

Udalak

Dena dela, Urkijok esan du posible dela ezker abertzalearen eta Aralarren esku dauden udaletan aipatu adierazpenarekin bat ez egitea.

Baina Beasainek, Oriok, Elburgok eta Andoainek dagoeneko esan dute egun horretan "oroimenerako espazio sinbolikoak" inauguratuko dituztela, ''Memoriaren mapa''n sartzeko beste 30 inguru udalerrirekin batera.

Bestalde, Maixabel Lasak esan du 19:00etan Andoainen izango dela jardunaldia itxiko duen ekitaldia, baina horren aurretik, 13:30ean, Ertzaintzaren Arkauteko egoitzan biktimen oroimenezko monolito bat inauguratuko omen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea