Politika -

Mugimenduak Batasunan

250 pertsona ezagunek Otegi askatzearen aldeko manifestua sinatu dute

Epaiketarik izan gabe Otegi kartzelan egiten ari den egonaldi "luzea" salatzen dute idatzian. Sinatzaileen ustez, Otegi askatzeak indarkeriarik gabeko testuinguru berria ekarriko luke.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika, kultura, gizartea eta sindikatuetako hainbat pertsona ezagunek manifestu bat sinatu dute Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia "berehala" aska dezatela eskatuz. Horrek "indarkeria behin betiko baztertuta izango lukeen testuinguru berria" ekarriko luke.

250 sinatzaileen artean esparru eta jatorri ezberdineko ordezkariak daude. Politika mundutik Jose Goirizelaia eta Rufi Etxeberria Otegiren alderdikideak, Aralarreko Iosu Murgia, EAko Pello Urizar eta Alternatibako Oskar Matute ageri dira, besteak beste. Sindikatuei dagokienez, manifestua ELAko Adolfo Muñozek, LABeko Ainhoa Etxaidek eta CCOOko Jesus Uzkudunek sinatu dute.

Kultura ordezkarien artean, Bernardo Atxaga idazlea, Jabier Muguruza abeslaria eta Sabin Salaberri orkestra zuzendaria daude. Era berean, hainbat kazetari, abokatu eta EHUko irakasle agertzen dira.

Estatuko erakunde sozialetako ordezkari eta irakasleen sinadurak ere agertzen dira; Joan Tardá ERCko parlamentariarena, esaterako, eta talde ezberdinetako ekintzaile ezberdinena ere. Nazioartetik, berriz, Jose Bove sindikalista frantziarrak eta bi parlamentarik sinatu dute manifestua.

"Epaiketarik gabe, atxikita"

Lokarriko Paul Riosek eta STEE-EILASeko Belen Arrudok irakurri dute manifestua. Bertan, kezkatuta agertzen dira Otegiren egonaldi prebentiboa "arrazoirik gabe luzatzen" ari direlako, "atxikita dute epaiketarik izan gabe".

Manifestuan esaten dutenez, Otegik "Euskal Herriko arazoak bakean eta bide demokratikoen bidez konpontzea bilatzen dituen ekimenak" bultzatzen dituela gauza "publikoa eta oso nabaria da".

Era berean, manifestuak dio "Otegi askatzeak testuinguru berri baten sorrera" ekarri dezakeela "oso zabalduta dago jendearen artean", "inolako indarkeriarik gabekoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea