Politika -
Katalunia
Estrasburgora joko du JxCatek, Espainiak jarritako helegitea tramitera onartzen bada
Puigdemonten inbestiduraren aurkako helegitea tramitera onartuz gero, asteartea baino lehen joko du Estrasburgoko Auzitegira JxCat alderdiak.
agentziak | erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko du JxCat alderdiak, Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuak Carles Puigdemonten inbestiduraren kontra jarritako helegitea gaur tramitera onartzen badu. Josep Costa (JxCat) Kataluniako Parlamentuko lehen presidenteordeak esan duenez, errekurtso horrek aurrera egingo balu, asteartea baino lehen joko lukete Europako Auzitegira, babes bila.
Rac1 irrati-katean egin dituen adierazpenetan Costak esan duenez, "Auzitegi Konstituzionalak ez du azken hitza", eta "helegite asko" jartzeko aukera dago oraindik.
Buruzagi kataluniarraren iritzian, itxaropena ez dute galdu, eta "norbaitek zentzuz" jokatuko duela uste dute.
Atzo arratsaldean eskaera bat bideratu zuen JxCat alderdiak Auzitegi Gorenera, helegitea jartzeko Ministroen Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko eskatuz.
Astearteko inbestidura saiora Puigdemont joatekoa den galdetuta, Costak esan du presidentegaiak berak esan duela asteon ez duela "aukerarik" baztertzen.
13:00etan dute hitzordua Auzitegi Konstituzionaleko epaileek, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea tramitera onartu edo ez erabakitzeko.