Politika -
Aaiunera zihoazen
Marokon atxikitako parlamentariak Euskadira iritsi dira
Euskal Fondoak antolatuta, sahararren kanpalekua bisitatzera zihoazen, baina ez diete Casablancako aireportutik irteten utzi. Olaia Sagredo kooperantea ere eurekin bueltatu da.
Erredakzioa
Nerea Antia (EAJ) eta Mikel Basabe (Aralar) legebiltzarkideak, Nafarroako Parlamentuko Nekane Perez (Aralar) eta Olaia Sagredo kooperantea Loiuko aireportura iritsi dira. Laurak Casablancako aireportuan atxiki zituzten larunbat goizean eta gaua eman dute bertako hotel batean.
Hiru parlamentariak, Olaia Sagredo ikuskatzailearekin batera, sahararren kanpalekua bisitatzera zihoazen. Marokoko aireportura heltzean eta Aiaunera eraman behar zituen beste hegaldi bat hartzera zihoazenean, pasaporteak eta ontziratzeko txartelak kendu zizkieten, eta handik ateratzea galarazi zieten. Igande goizean, agiriak itzuli eta 10:00ak aldera Madrilerako hegaldia hartu behar izan dute.&' || 'nbsp;
Mendebaldeko Saharara zihoazen
Antiaren esanetan, parlamentariek saharar kanpamendu batera joan eta "bertan bizi duten egoera ikusi" nahi zuten, urriaren 24an 14 urteko Nayen Elgarhi haurra Aiauneko kanpamenduetatik gertu tiroz hil ondoren.
Parlamentariek Euskal Fondoak Aaiunera antolatuko elkartasun bidaia egin behar zutela azaldu du Aralarrek ohar baten bidez.
Bere aldetik, EAJk "Marokoko agintariek parlamentariei eman dieten tratu iraingarria" salatu du, eta honako eskaera egin dio Marokoko Gobernuari: "Sahararren oinarrizko eskubideak errespetatzea eta protesta baketsuak egiten dituzten herritarren kontrako errepresioarekin amaitzeko".