Politika -

Aurkezpena

Jaurlaritzak hezkuntza-marko 'propioa, eleaniztuna eta inklusiboa' proposatu du

Sektoreko hainbat eragileren esanetan, akordioa lortzeko 'abiapuntu egokia da'; ELAk eta Steilas sindikatuek, berriz, Hezkuntza saila kritikatu dute.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu du dokumentua. EiTB
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu du dokumentua. EiTB
Uriarteren proposamena begi onez hartu dute eragileek

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 'Akordioaren Oinarriak' dokumentua aurkeztu die hogeita hamar bat hezkuntza eta gizarte eragileri gaur goizean. Etorkizunean hezkuntzaren euskal legea egiteko abiapuntu gisa ezagutarazi Exekutiboak. Besteak beste, "marko propioa eta eleaniztuna" eratzeko asmoa du, euskara "ardatz nagusi" izanik. Horrez gain, eskolatze "inklusiboagoa eta orekatuagoa" bermatzen duen sarbide sistema ezarri nahi du.

Ia berrogeita hamar adituk garatu dute gaur aurkeztutako dokumentua. Hainbat hilabetez lanean aritu dira, Euskadiko hezkuntza sistemaren bost erronkei erantzuna bilatzeko: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntzaren modernizazioa eta zentroen autonomia.

Sektoreko eragileek zein herritarrek 'Akordioaren Oinarriei' ekarpenak egin ahal izango dizkiete otsailaren 21era arte. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak argitu duenez, etorkizunean hezkuntzaren euskal legea egiteko abiapuntua da.

Idatzi duten adituek identifikatutako bost erronka handientzako helburuak zehaztu dituzte testuan. Hezkuntzaren modernizazioari dagokionez, "irakaslego ahaldundua eta prestigioduna" sendotzen laguntzeko beharra berretsi du txostenak.

Bizikidetzari dagokionez, berriz, akordioak "elkartutako gizarte batentzat eskola anitza egituratzeko ardatza" izan behar duela azpimarratu du. Hori dela eta, esku hartzeko eredu "integralak eta malguak" ezartzea aurreikusi dute arduradunek.

"Erantzunkidetasuna"

Era berean, "ikasleen sarbidea eta onarpena bermatzeko mekanismoak" sortu behar direla nabarmendu dute aurkezpenean, "eskolatze inklusiboagoa eta orekatuagoa lortuz bizikidetza eta gizarte kohesioa areagotzeko". Testuaren egileen aburuz, familien eta hezkuntza eragileen "erantzunkidetasuna" "oinarrizkoa" da bizikidetzaren mesederako.

Prozesuan kritikatu dute ELA eta Steilas sindikatuek

Prozesuan parte hartu duten eragileak "nahierara" aukeratu dituztela salatu du ELA sindikatuak. Horrez gain, "parte hartze demokratikoaren bermeak" ez dituela betetzen kritikatu du Xabier Irastorza ELAko ordezkariak.

Bileran egon ez den arren, Steilas sindikatuak ere ELAren antzeko iritzia helarazi du ohar batean. Hala, "prozesuan ez dela eztabaidarako eta iritziak trukatzeko benetako tokirik" izan salatu du. Bestalde, gaurko bileran "dagoeneko eginda dagoen akordioa eszenaratzen" saiatu direla aipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Gaurko azken ordukoa Hezkuntza