Politika -
Zatiketa AVT-ren baitan
UPN eta PP ez dira izan AVTk Iruñean antolatutako ekitaldian
Azken egunotan biktima batzuek Alfonso Sanchez AVTko presidentearen kontra egin dute, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari dela leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
AVTk 'Terrorismoari buruzko Jardunaldiak' antolatu ditu lehen aldiz Iruñean. Arratsalde honetan egin dute inaugurazioa eta han ez da Espainiako Gobernuko, UPNko eta PPko ordezkaririk izan.
Nafarroako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere bertan parte hartzeari uko egin dio. AVTko kide ohiek osatzen duten elkarte berri hori.
Aitzitik, ekitaldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Geroa Bai, Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariak.
Alfonso Sanchezek AVTko presidenteak abiarazi ditu jardunaldiak eta 50 pertsona inguru bildu dira bertan, tartean ETAren hainbat biktima.
UPNk eta PPk aurretik jakinarazi zuten ez zirela bertan izango, Nafarroako Gobernua ETAren biktimak aitortzeko eta oroitzeko landu duen planarekin bat ez datozela argudiatuta. Espainiako Gobernuak ordezkari bat bidali behar zuen, baina azkenean ez da inor bertaratu.
EH Bilduko ordezkaririk ere ez da izan, baina kasu honetan AVTk berak hala eskatu diolako.
EH Bilduk ekitaldira joateko gonbidapena zuen eta koalizio soberanistaren asmoa jardunaldietan parte hartzea zen, "biktima guztiak entzuteko eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko".
Horrenbestez, Maiorga Ramirez parlamentariak gaur goizean jakinarazi du EH Bildu biktimak aitortzeko ekitaldian izango zela.
Eguerdian, baina, AVTk mezua bidali dio koalizioari, jardunaldira ez joateko eskatuz. Hori dela eta, EH Bilduko inor ez da joan ekitaldira.
"Positiboa izango zelakoan eta konponbidea bilatzeko asmoz joan nahi genuen hara. Gure asmoa ez da arazo gehiago sorraraztea. EH Bilduk biktimak guztiak entzuteko eta konponbidea bilatzeko lanean jarraituko du", adierazi diote kolaziotik EFE agentziari.
EH Bilduri buruz galdetuta, Alfonso Sanchezek ondokoa esan du: "Ez komenigarria eta etikoa Bilduko inor hemen egotea; hala balitz, salatik alde egiteko eskatuko nieke, ni ez nator Bilduko inorekin lan egitera eta".
Azken egunotan, biktima batzuek gogor kritikatu dute AVTko presidentea Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeagatik. Kritiko horiek AVT utzi eta beste elkarte bat sortu dute: Nafarroako Terrorismoaren Biktimen Elkartea.