Politika -
Erreparazioa eta memoria
Foro Sozialak biktimekin topaketak egingo ditu otsailaren 22an eta 24an
Bizikidetza eta memoria alorrean, "akordio politiko eta soziala" lortzeko lanean ari dela esan du, eta "sufrimendu guztiek erreparazioa merezi" dutela erantsi.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorrak "indarkeria adierazpen ezberdinen" biktimekin topaketak antolatu ditu otsailean. Aurreneko hitzorduan Iruñean eta Gasteizen egingo dituzte, hilaren 22an eta 24an, hurrenez hurren. Foroak nabarmendu duenez, "indarkeria guztiek ez dute sufrimendu bera eragiten, baina sufrimendu guztiek merezi dute erreparazioa", eta bizikidetza eta memoriaren alorrean, "akordio politiko eta soziala" behar dela uste du, "biktimak bere gain hartuko dituena", gainera.
Kurtso politiko honetarako jarduna aurkeztu dute prentsaurrekoan Aitzpea Leizaola eta Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileek gaur Donostian. Azaldu dutenez, azken hilabete hauetan "lan diskretua" egin dute "hainbat aktorerekin". Horren ostetik eta udara bitartean, hainbat topaketa antolatuko dituzte. Urrian, berriz, V. Foro Soziala egingo dute, "Egia ezagutzeko eskubidea: biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako mekanismoak" izenburupean.
Foro Sozialaren hitzetan, "premiazkoa da" biktimen gaia "lubakietako posizioetatik irtetea, modu horretan beharrezko gizarte-adiskidetzearen erdiko erraila elikatu ahal izango baita". Ingurumaria horretan, "diskrezioa, errespetua eta entzumena" aldarrikatu dituzte.
Udara bitarteko lanketa horrek lau ardatz izango dituela aurreratu dute Leizaolak eta Hernanek. Batetik, "Sufrimenduaren mapa integrala" deitu dutena sakontzea. Alegia, "euskal gatazkan gertatutako giza eskubideen urraketa eta sufrimendu guztiak mapeatzea". Izan ere, "indarkeria adierazpenak askotarikoak" izan direla uste dute, eta "sufrimendu guztiak identifikatu" nahi dituzte, "ekidistantziak baztertuz". Foro Sozialaren arabera, "indarkeria guztiek ez dute sufrimendu bera eragiten, baina sufrimendu guztiek merezi dute erreparazioa".
Lehen topaketak Nafarroako Parlamentuan eta Europa Jauregian
Lan horren lehen emaitzak izango dira Hego Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan antolatuko dituzten topaketak. Aurreneko biak otsailaren 22an eta 24an egingo dituzte, Nafarroako Parlamentuan eta Gasteizko Europa Jauregian, hurrenez hurren.
Foro Sozialaren bigarren lan ardatza "sufrimendu guztiak aitortzeko eta erreparatzeko markoak sortzea" da. Horrekin batera, "konpondu gabeko kasuen inguruko eztabaida sosegatu" egin behar dela nabarmendu dute. Foroaren ustez, "beharrezkoa da eztabaidari heltzea bai egiarik gabeko kasuei buruz, bai erdizka konpondutako kasuei buruz bai milaka torturatuei buruz (orain gutxi onartu dituzte Eusko Jaurlaritzaren txostenean), horiei guztiei egia jakiteko eskubidea bermarazteko eta justiziara sarbidea izan dezaten. Uste dugu ordua dela benetan gertatu den guztia jakiteko eta gure ingurunean mina kudeatzeko dauden modu ezberdinei egoki erantzuteko".
Bestalde, Hernanek azpimarratu du ezinbestekoa dela "giza eskubideen urraketetan parte hartu duten arduradun guztiek irakurketa kritikoa, eraikitzailea eta partekatua egitea, iragana zintzotasunez jorratzekoa eta biktima guztien errelatua errazteko".
Azkenik, kazetarien galderei erantzunda, Hernanek esan du Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Egitasmoak 2018rako ezarritako helburuek Foro Sozialak ezarritakoekin "bat egiten" dutela.