Politika -
Bilera ostegun honetan
ETA garaitzeko batasuna indartzea espero dute PPk eta PSEk
"Krisi edo larrialdi egoerarik ez" dutela eztabaidatuko uste du PSEk. Akordioa "sendoa" da, PPren hitzetan, eta "ez da zalantzan jarri".
Erredakzioa
Itunaren jarraipenerako Batzordeak Gasteizen egin beharreko bilerak ETA garaitzeko bi alderdien batasuna indartzeko balio izatea espero dute PPk eta PSEk, bi alderdietako ordezkariek jakitera eman dutenez. Era berean, bilerarekin Patxi Lopez Lehendakaritzara heltzea ahalbidetu zuten printzipioak berriz sendotzea espero dute.
"Lasaitasun eta normaltasun osoz" egingo dio aurre bilerari PSEk, izan ere, "krisi edo larrialdi egoerarik ez" dutela eztabaidatuko uste dute sozialistek, Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak azaldu duenez.
"PP-PSE akordioa ekarri zuten printzipioak berretsiko ditugu, hori egingo den gauza bakarra: ETAren kontrako borrokan irmotasuna, elkarbizitza espazioen defentsa eta zigorgabetasun espazioekin amaitzea. Hau da, Gobernuak hasieratik egin izan duena, eta batere aldatu ez dena", adierazi du Pastorrek.
PP
Bestalde, akordioa "sendoa" da, Alderdi Popularraren hitzetan, eta "ez da zalantzan jarri". Egoera politikoari buruz iritziak partekatzeko, akordioa indartzeko eta ETA garaitzeko bi alderdien arteko batasuna sendotzeko bilera izango dela esan du PPk.
Akordioan sinatutako printzipioak mantentzeko bi alderdien arteko "komunikazio estuena" eskatuko dutela iragarri du Iñaki Oyarzabal PPko idazkari nagusiak. Oinarri horiek ETA garaitzeko konpromisoa eta egitasmo totalitarioaren aurka borroka egitea dira.