Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Baldintzarik gabe' armak uzteko eskatu dio Brian Currinek ETAri

Nazioarteko bitartekariak adierazi du erakunde terroristaren "beldurretako bat" indarkeria behin betiko utziz gero "elkarrizketa politikorik ez egotea" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currin abokatu eta nazioarteko bitartekari hegoafrikarrak adierazi du ETAren su-eten bat ez dela "nahikoa", armak behin betiko utzi beharra baitauka, eta erabaki hori "baldintzari gabe" hartu behar duela.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, baina, Currinek aitortu du "ETAren kezketako bat" zera dela, indarkeria behin betiko amaituz gero bakea lortuko litzatekeela, "baina ezer gehiago", hau da, "ez zen elkarrizketa politiko gehiagorik egingo".

Currinek azaldu du bere lana "erraztasunak ematea" dela, eta ez bitartekariarena egitea, eta aitortu du Espainiako Gobernuak ez duela erantzunik emango erakunde terroristak indarkeriaren amaiera iragarri arte.

Halaber, estortsioa eta kale borroka balizko su-eten egiaztagarri batetik kanpo egon beharko liratekeela azpimarratu du.

Elkarrizketan, abokatu hegoafrikarrak iragarri du nazioarteko adituen taldea ETAk Bruselako Adierazpenari eta Gernikako akordioari "baietz" erantzun eta gero hasiko dela lanean, eta horretan ez dela espainiarrik egongo.

Currinen ustez, prozesuak "aurrera" egingo du nahiz eta legez kanpoko alderdiak ez parte hartu hurrengo udal eta foru hauteskundeetan. "ETAk eskatutakoa betetzen badu", baina, "ez litzateke oztoporik egon beharko Batasuna legeztatzeko", gaineratu du.

Nazioarteko bitartekariak Arnaldo Otegi askatzearen alde egin du, "indarkeriarik gabeko bitartekoen defendatzaile garrantzitsua" izan baita, eta biktimen papera gatazka guztietan "erabakigarria" dela esan du. Hori dela eta, "sentsibilitate osoz" tratatzea eskatu du.

Azkenik, Currinek ohartarazi du balizko prozesuaren amaieran ez dela zertan amnistia egin behar, "zaila" baita "biktimen eta indarkeria eragin dutenen artean oreka lortzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea