Politika -

Eusko Legebiltzarra

Espainiako Gobernuaren esku-hartzeak salatu ditu Legebiltzarrak

Alderdi Popularrak izan ezik, talde guztiek salatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera, Legebiltzarrean onartutako legeen aurka "modu sistematikoan" ari delako.

Eusko Legebiltzarrak Espainiako gobernua salatuko du

0:59

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean akordio zabala lortu dute Espainiako Gobernuaren "esku-hartzeak" salatzeko.

Alderdi Popularrak izan ezik, gainerako talde guztiek babestu dute EH Bilduk aurkeztutako ez-legezko proposamena.

Espainiako Gobernuak Legebiltzarrean onartutako legeen aurkako helegiteak "sistematikoki" jartzen dituela salatu eta horrek Espainiako Gobernuaren jarrera "zentralizatzailea" agerian uzten duela ohartarazi dute.

Legegintzaldi honetan Gasteizko Ganberan onartutako hainbat lege baliogabetu ditu Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren bidez: Etxebizitza Legea, frackingaren aurkako legea, Poliziaren biktimen legea edota 35 orduko lan astea ezartzen duen legea.

Gaur onartutako adierazpenean, Legebiltzarraren gehiengo zabalak euskal autogobernua defendatzen du eta Espainiako Gobernua bere esku-hartzeekin Gernikako Estatutuan aitortutako eskumenak zalantzan jartzen ari dela ohartarazten du.

Ildo horretan, eskumenei buruzko edozein desadostasun elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzeko deia egin du, auzitegira jotzea saihestuz eta akordioak bultzatuz.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak jarritako konstituzio-kontrakotasun helegiteen aurka alegazioak aurkezten eta akordiorako bitartekoak exijitzen jarrai dezala eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

Amaitzeko, Auzitegi Konstituzionaleko kideak aukeratzeko modua alda dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari, auzitegi hori "anitza eta orekatua izan dadin, ideologikoki nahiz lurraldeka".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Eusko Legebiltzarra EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP Euskadiko Podemos-eko albisteak Auzitegi Konstituzionala