Politika -
Memoriaren Eguna
Biktimak "helburu politikoetarako" ez erabiltzea eskatu du Aralarrek
Biktima bat "baztertzen" denean, "gainerakoak prostituitzen" direla uste du. Bestalde, ETAk bere jarduera "ordainik jaso gabe" eten behar duela uste du.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarren koordinadore nagusiak iragan asteazkeneko Memoriaren Eguna izan du hizpide zenbaten jarrera kritikatzeko. Izan ere, Zabaletak adierazi duenez, "norbaitek biktima bat baztertzen duenean, gainerakoak prostituitzen ari da, helburu politikoetarako erabiltzen ari da".
Horren harira, Zabaletak mezua igorri die "biktimen elkarteei, biktimen egoera baliatuta etekinak lortzen dituztelako eta alor politikoan erabiltzen dituztelako".
Gainera, argi adierazi nahi izan du biktima guztiak onartzen diren arte ez dela "bakerako oinarririk" eraikiko.
Bestalde, ETAk "arrazoi politikoengatik" hasi zuela bere jarduera eta ondorioz, "erabaki politikoz, ordainik jaso gabe" eten behar duela azpimarratu du.
Aralarren koordinadore nagusiak uste du "Euskal Herria aldaketa handien atarian" dagoela eta, horregatik, "bakea ordain politikorik gabe" lortu behar dela.