Politika -
Paris
ETAk 'eskua zabalik du', esan dute Antzak eta Anbotok makroepaiketan
Soledad Iparragirreren hitzetan, "ez gara terroristak, ez dugu Espainiako ezta Frantziako Estatua ere deuseztu nahi", baizik eta "herri bezala bizirauteko euskal Estatua eraiki nahi dugu".
Erredakzioa
Mikel Albisu Mikel Antza ETAko ustezko buruzagi ohiak eta Soledad Iparagirre Anboto haren bikotekide eta ustezko finantza arduradun ohiak adierazi dutenez, ETAk "berriz ere eskua zabalik du", eta "gatazka konpontzeko deia" egin diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei.
Gaur hasi dira Parisen Antza eta Anboto epaitzen. Soledad Iparragirreren hitzetan, "ez gara terroristak, ez dugu Espainiako ezta Frantziako Estatua ere deuseztu nahi", baizik eta "herri bezala bizirauteko euskal Estatua eraiki nahi dugu".
"Ez dugu gure aukera politikoa inori inposatu nahi", esan du Antzak. Euskaldunek euren etorkizuna "mugarik eta inork eskua sartu barik" erabaki ahal izatea jomuga dutela gaineratu du.
Philippe Vandingenen Tribunaleko presidenteak hurrengo astera arte epaiketa atzeratzea ezeztatu ostean, adierazpen horiek biltzen zituen idazkia irakurri dute frantsesez eta azken zatia euskaraz.
Antzarekin eta Anbotorekin batera, beste zazpi pertsona izango dira Pariseko Tribunalaren aurrean, abenduaren 17ra arte iraungo duen epaiketan.