Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak absolbitu egin du Cassandra txiolaria Carrero Blancori burla egiteagatik
Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zion terrorismoaren biktimei irain egiteagatik, Twitterren zabaldutako txisteen bidez, baina Gorenak espetxe zigorra gehiegizkoa dela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Auzitegi Nazionalak Cassandra txiolariari terrorismoaren biktimak apaltzeagatik ezarritako urtebeteko kartzela-zigorra eta zazpi urteko erabateko inhabilitazioa.
Carrero Blancoren heriotzaren atentatuaren harira, 12 txio zabaldu zituen Cassandrak. Gorenaren iritzian, txiste errazak eta gustu txarrekoak izan ziren, baina atentatua gertatu zenetik 44 urte igaro direla gaineratu du.
Hori dela eta, gaitzesteko moduko iseka bada ere, Gorenaren ustez, ezarritako zigorra ez dator bat egindako delituarekin.
Gorenak kontuan hartu du Cassandraren komentarioak ez zirela biktimarentzat laidogarriak izan. Ildo horretan, epaileen arabera ez zuen indarkeria bultzatzen, ezta talde zehatz baten aurkako gorrotoa; ez zuen atentatua justifikatzen ez atentatu berriak egitea babesten.
Gazteak ezagun diren txisteak errepikatu zituela uste dute epaileek. Gainera, atentatua gertatu zen lehen mementotik (1973) umorezko hamaika txiste egin zirela eta guztiak Carrero Blancoren ibilgailuak atentatuan hartutako hegaldiarekin zerikusia zutela gaineratu dute.
Epaileentzat, denbora nahikoa igaro da eta "txisteak ugertuta gelditu dira"; hortaz, "pentsa genezake ez dela biktimak laidotzeko eta ospea zikintzeko helburuarekin egindako ekintza maltzurra".