Politika -
EKITALDIA BILBON
Urkullu: 'Terrorismoaren biktimek eta gizarteak elkarrekin eraikiko dute etorkizuna'
Iraganari begirako mezua ere igorri du lehendakariak, eta ETAri eskatu dio 'eragindako mina arintzeko zerbait adierazteko'. 'Injustoa izan zen, eta erakundeoi hori esatea dagokigu", adierazi du.
EITB.EUS
Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren bezperan, Eusko Jaurlaritzak elkarretaratzea deitu du Bilbon, terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta haiei euskal gizartearen babesa helarazteko.
Bilkura Indautxu Plazan egin dute, 10:30etatik 11:00etara, 'Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz' lelopean, eta amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpen instituzionala egin du. "Autokritika" eginez hasi du bere hitzaldia, "terrorismoaren biktimei iraganean behar beste kasu egin ez izanagatik". "Ozen esango dugu gaizki aritu ginela, terrorismoa jasan zuten biktimei behar beste kasu ez genielako egin, batez ere, 70. eta 80. hamarkadetan. Autokritika hori egunean jartzen dugu, biktimek pairatutako sufrikarioa arindu nahian. Hori da gure abiapuntua", esan du.
Bi mezu igorri ditu lehendakariak, bata iraganari, eta bestea etorkizunari begira. "Aurreneko mezua iraganari begira igorri nahi dut; ez dakigu inoiz ETAk eta beste organizazio terroristek irakurketa autokritikoa egingo duten biktimei eta gizarteari eragin ziotenaren inguruan. Ez dakigu gauza izango diren eragindako mina arintzeko moduko zerbait adierazteko. Ez dakigu egingo duten, baina euskal erakundeok egingo dugu. Injustoa izan zen", nabarmendu du.
Bigarren mezua, berriz, etorkizunari begira helarazi du lehendakariak. Haren hitzetan, "biktimek eta gizarteak zirkulu bat" osatzen dute, eta elkarrekin eraikiko dute etorkizuneko bizikidetza.
ETAren, GALen eta Batallon Vasco Españolen 50 bat biktima bildu dira ekitaldian. Ordezkaritza politiko eta sozial zabal bat ere bertan izan da.
EH Bildu koalizioak ez du parte hartu, leloa "baztertzailea" dela iritzita. Eusko Alkartasunaren izenean, dena dela, Pello Urizar izan da omenaldian.