Politika -
Terrorismoaren Biktimen Eguna
Biktimen ekitaldiarekin polemika sortzea leporatu dio EH Bilduk Urkulluri
Iker Casanovak salatu duenez, "hamaika aukera" zeuden ekitaldirako lelo bat aukeratzeko, baina ezker abertzalearekin "polemika izatea" aukeratu dute. Nafarroako ekitaldian izango direla gogoratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, gaur Bilbon egingo duten terrorismoaren biktimen ekitaldirako akeratutako leloarekin "polemika" bilatu nahi izan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Casanovak esan du lehendakariak eta Jonan Fernandezek "zubiak eraiki beharrean, ezker abertzalearekin konfrontazioa eta polemika" hautatu dutela.
Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, EH Bildu ekitaldian ez izatearen inguruko azalpenak eman ditu. "Injustua izan zen. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz" izango da leloa. Alderdi guztien oniritzia lor zezaketen "hamaika leloen artean", "polemika" bilatzen zuen bat aukeratu dute,"inposatuz2, Casanovaren iritziz. EH Bilduk ez duela "integrazioa bilatzen duten ekitaldietan parte hartzeko arazorik" azaldu du, eta koalizioak Nafarroan helburu berarekin gaur izango den ekitaldian parte hartuko duela gogoratu du.
Era berean, "larritzat" jo du, "heriotza bat eragin duen giza eskubiden urraketa larrien berri izan dugun aste honetan" (Xabier Rey presoaren heriotzari erreferentzia eginez), Eusko Jaurlaritzak arreta gehiago jartzea "atzera begirakoei, une honetan geratzen diren Giza Eskubideen urraketei baino".
Casanovak adierazi du EH Bildu ados dagoela "biktimen erreparaziorako bidea jorratzearekin", baina ez "historia, besteen aginduetara idazteko". "EH Bildu prest dago konpromisoak bere gain hartu eta erosoak izango ez diren tokietara joateko" esan du, "bat egiteko borondatea badago, hurrengoan erraza izango da, erabat, baina uste dut oraingoan nahi zena eztabaida hau geratzea zela, eta ez zaigu batere gustatu" amaitu du.
Radio Euskadiko tertuliakideen iritziak
"Ez al zen bada injustua izan biktimak sufritu zutena?" galdetu dio Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak Iker Casanovari.
Bere iritziz, "harrigaria" da Bilboko ekitaldia "biktima guztien oroimenez –ETA, GAL eta Batallon Vasco Español kontuan izanda- kontsentsuzkoa izanda", "erreparoak" jartzea aukeratutako leloari.
Elkarrekin Podemoseko Tinixara Guanche legebiltzarkidearentzat ere tamalgarria da EH Bildu ez izatea ekitaldian (EAko ordezkariak bai izango direla, baina euren alderdia ordezkatuz) eta "alde guztiak" kontuan hartuko dituen "memoria inklusiboaren" alde egin beharra dagoela esan du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak esan du EH Biduren jarrerak "harritu eta tristetu" egiten dituela, eta gaineratu du ez duela ulertzen koalizioa ekitaldi honetara ez joatea, Fernando Buesa eta Isaias Carrasco sozialisten hilketen urteurreneko ekitaldietan izan direnean, adibidez, eta gauza berdinak esan direnean horietan.
Aitzitik, Laura Garrido PPko parlamentarioak esan du bera ez duela harritzen EH Bilduren jarrera "tamalgarriak", eta koaliziak "behin betiko, bere iraganari muzin egin, ETAren terrorismoa gaitzetsi, eta gainontzekoei eskakizunak egiteari uzteko" eskatu du.