Politika -

Eusko Legebiltzarra

ETAren aurkako borrokan lankidetza eskatu diote Venezuelari

Ekimena PSEk eta PPk adostu dute zuzenketa batean eta UPyDren babesa jaso du. EAJ abstenitu egin da eta Aralarrek, EAk eta EBk kontra bozkatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren aurkako borrokan lankidetza politiko eta judizial estua mantentzea eskatu dio Venezuelako Gobernuari Eusko Legebiltzarrak gaur.

Alderdi Popularrak legez besteko proposamena aurkeztu du. Proposamenari PSEk eta PPk adostutako zuzenketa aurkeztu diote Gasteizko Ganberan. UPyDren babesa jaso du ekimenak. EAJ abstenitu egin da eta Aralarrek, EAk eta EBk kontra bozkatu dute.

Venezuelari lankidetza eskatzeaz gain, ETAk "munduko edozein tokitan bere ekintza kriminalak aurrera eramateko babesik eta logistika baserik ez lortzeko" Gobernu zentralak egindako lana bultzatu du Legebiltzarrak.

Horregatik, Espainiako mugetatik at "terrorismoaren aurkako borrokarekin jarraitzea" eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren Exekutiboari Ganberak.

Era berean, "Venezuelako zenbait agintarik Estatuko segurtasun indarren, epaileen, Gobernuko kideen, politikari espainiarren, kazetarien eta komunikabideen aurka egin dituzten erasoak onartezintzat" jo ditu Gasteizko Ganberak. Bestalde, "terrorismoaren kontrako borrokaren izaera demokratikoa zalantzan jartzen duen edozein eraso" arbuiatu du Legebiltzarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea