Politika -

EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA

8 egunen ostean, amaitu dituzte 'Egin'en ondare dokumentala lekualdatzeko lanak

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondareko zuzendariak adierazi duenez, ondarearen % 40 baino ez dago ikerketa lanetan erabiltzeko moduan.

Irudia: ETB
Irudia: ETB
Irudia: ETB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak amaitu ditu Egin egunkariaren ondare dokumentala Hernaniko erredakziotik Euskadiko Artxibo Historikora (Bilbo) mugitzeko lanak, zortzi egunen ondoren. Guztira, 950 kaxa behar izan dituzte.

Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondareko zuzendariak adierazi duenez, Egin egunkariaren instalazioak "erabat abandonatuta" zeuden eta, beraz, "funtsen % 40 baino ez dago ikerketa-lanetarako erabiltzeko moduan". Dena den, hainbat dokumentu eta argazki ikertzaileek erabiltzeko moduan daudela azpimarratu du.

Aizpururen esanetan, Kultura Ondarearen zuzendaritzaren lana da historia eta dokumentu-ondarea babestea, "jatorria edozein delarik ere", eta ekimen horri esker ekidin ei da "Frankismoaren osteko Euskadiren historia ulertzeko, zalantzarik gabe, interesa duen materiala" desagertzea. Hernaniko Eginen erredakziotik lekualdatutako kaxak apirilean zehar desinfektatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen zuzendaritzak Orain SAren (Egin egunkariaren enpresa editorearen) dokumentu-artxiboa eta argazki-funtsaren egoerari buruzko kezka Auzitegi Nazionalari igorri zion, eta horren ondotik etorri da lekualdatzea.

Kultura Ondarearen zuzendaritzak neurriak hartzeko beharra adierazi zuen, "kalte konponezina ekiditeko", eta Eusko Jaurlaritzak funts horiek Euskadiko Artxibo Historikora mugitzeko aukera jarri zuen mahaigainean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilboko azken albisteak Hernani bideoak Eusko Jaurlaritza berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea