Politika -
EBBren erabakia
EAEko aurrekontuei ez die osoko zuzenketarik aurkeztuko EAJk
Hala ere, zuzenketa partzialak aurkeztuko dituztela iragarri du Euskadi Buru Batzarrak. Ekonomiaren susperraldiari laguntzeko erabakirik "arduratsuena" dela uste dute jeltzaleek.
Radio Euskadi
EAJko Euskadi Buru Batzarrak EAEko datorren urteko aurrekontuei osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki du gaur arratsaldean, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Testuinguru ekonomikoa kontua hartuta, ekonomiaren susperraldiari eta lanpostuen sorrerari laguntzeko erabakirik "arduratsuena" dela uste dute jeltzaleek.
Nahiz eta osoko zuzenketarik ez aurkeztu, zuzenketa partzialak bai aurkeztuko dituztela iragarri du EAJk.
"EAEko erakunde guztiek datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzea susperraldi ekonomikoari eta lanpostuen sorrerari laguntzeko modurik onena" dela uste du EBBk.
Grezian eta Irlandan gertatutakoa ikusita, "ezegonkortasun ekonomiko zantzuek epe laburrera buelta emateko zailak izan daitezkeen egoeretara eraman gaitzakete", EAJren arabera.
Gainera, Euskal Finantzen Kontseiluan lortutako akordioaren barnean kokatu dute osoko zuzenkarik ez aurkezteko erabakia, izan ere, aurrekontuen onarpenaren zain dago.