Politika -

Epe luzerako akordioa

'Gipuzkoan Lortu Arte' testua adostu dute EAk eta Ezker Abertzaleak

Udan sinatu zuten Gernikako akordioa Gipuzkoara eramatea suposatzen du dokumentu berri honek. Alderdi biek azaldu dutenez, ez da hauteskundeetara begira sinatutako akordioa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Gipuzkoan Lortu Arte'' dekalogoa aurkeztu dute gaur Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak. Udan sinatu zuten Gernikako akordioa Gipuzkoara eramatea suposatzen du dokumentu berri honek. Alderdi biek azaldu dutenez, ez da hauteskundeetara begira sinatutako akordioa, "epe luzerako akordio estrategikoa baizik".

Izan ere, 2011ko hauteskundeetara egitasmo eta sigla ezberdinekin aurkeztu egingo direla adierazi dute alderdi bietako ordezkariek.

Donostian egin duten agerraldian Idoia Aiastui Gipuzkoako ezker abertzaleko ordezkaria eta Iñaki Agirrezabalaga Gipuzkoako EAko idazkaria izan dira, besteak beste.

"Aldaketa politikoa eta soziala" lortzeko dokumentua dela azaldu dute. Horretarako, datozen asteetan bilerak egingo dituzte Aralar edota Alternatibarekin, baita sindikatu eta eragile sozialekin ere. "Gehiengo independentista" bat lortzeko "Lurralde aproposa da Gipuzkoa", haien ustez.

"Bide baketsu eta demokratikoen bitartez Euskal Estatu bat lortzeko oinarriak finkatzen ditu" ''Lortu Arte'' testuak. Sinatzaileen ustez, euskal politikaren oinarriak "hankaz gora jarri ditu" dokumentu honek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea