Politika -
Kataluniako krisia
Alemaniako justizia errespetatzeaz gain, ez duela Merkelekin hitz egin dio Rajoyk
PP Sevillan egiten ari den biltzarrean hedabideei egindako adierazpenen arabera, 'legea betetzen duen hautagai batekin Kataluniako Gobernua eratzea' beharrezkoa dela esan du Espainiako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Epaitegietako erabaki guztiak, bai Espainiakoak bai Alemaniakoak, errespetatzen dituela adierazi du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Horrez gain, ez duela Angela Merkelekin Carles Puigdemonten egoeraz hitz egin ziurtatu du.
PP Sevillan egiten ari den biltzarraren bigarren egunean hedabideei egindako agerraldian, Alemaniako justiziak Puigdemont askatzeko hartutako erabakiaz galdetu diote, baita Katarina Barley Justizia ministro alemaniarrak emandako iritziaz ere. Neurria "guztiz egokia" zela adierazi zuen Barleyk.
Espainiako Exekutiboko buruak azaldu duenez, estatu espainiarreko gobernuak Konstituzioaren 155 artikulua martxan jartzeko ardura bete du, Katalunian legedia berrezartzeko. Orain, "legea betetzen duen hautagai bideragarri batekin Kataluniako Gobernua osatzea" beharrezkoa dela berretsi du Rajoyk.
"Beste guztia epaitegien erabakiak dira, eta beti esan dut Zuzenbide Estatua delako betetzen eta onartzen direla erabaki judizialak", gaineratu du.
Espainiako epaitegietako erabakiak ez ezik, beste herrialdeek hartutakoak ere betetzen direla esan du jarraian.
Era berean, Auzitegi Gorena eta Espainiako Fiskaltza Europako Auzitegian Alemaniako egoera judizialaren inguruko helegitea jartzeko aukera aztertzen ari direla azaldu du. Zentzu horretan, Alemaniako Fiskaltza Espainiako Fiskaltzaren eta Auzitegi Gorenaren alde agertu dela zehaztu du.
Azkenik, ez duela gai horri buruz Merkelekin hitz egin argitu du, eta ez duela asmorik, epaitegien konpententzia dela argudiatuta. "Botere banaketa dago eta gobernuek ez dute ezertarako esku hartzen. Gaia guztiz judiziala da", nabarmendu du.