Politika -

Agerraldia Kongresuan

Ignacio Gonzalez: 'PPk ez zuen presio egin Madrilgo Erkidegoan esleipenak egiteko'

Madrilgo presidente ohiaren esanetan, hiru urte hauetan (Lezo auzian ikertua dago) inork 'ezin izan du frogatu dirua jaso dudanik edota atzerrian sozietaterik dudanik'.

Gonzalez, gaur Kongresuan. Argazkia: EFE
Ignacio Gonzalez. EFE
Gonzalez, gaur Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Gonzalez 2012-2015 urteen artean Madrilgo Erkidegoko presidente izan zenak nabarmendu duenez, Alderdi Popularrak ez zion "presiorik edota esku-hartzerik" egin esleipenak egin zitzan. Aitortu du, ordea, Alvaro Lapuerta diruzain ohiak interesa agertzen zuela gai horietan, baina presiorik egin gabe.

Gonzalez Diputatuen Kongresuan izan da gaur, PPren ustezko legez kanpoko finantzazioa ikertzen ari den batzordean. Gonzalez 2017ko apirilean atxilotu zuten, Lezo auziari lotutako operazioan. Azaroaren 8ra arte egon zen kartzelan eta 400.000 euroko bermea ordainduta atera zen bertatik. Auzian ikertu gisa dago.

Agerraldia hasi eta berehala azpimarratu duenez, ez du "inoiz erakunde kriminal batean parte hartu, ezta zuzendu ere". Gonzalezen esanetan, "ez dut inoiz Isabel II.a Kanalari —erakunde hori zuzendu zuen ia 10 urtez— edo Madrilgo Erkidegoari kalte egin ziezaiokeen ezertxo ere egin".

Bere errugabetasuna hainbatetan defendatu du agerraldian zehar. Horren hitzetan, "inork ezin izan du frogatu dirua jaso dudanik, atzerrian sozietateri dudanik, ezertxo ere ez".

Lapuerta hizpide hartuta, Gonzalezek esan du atentzioa eman ziola PPko diruzain ohiak Erkidegoko "kontratazio edo hirigintza kontuen inguruan erakutsitako interesa". "Maiz etortzen zitzaidan galdezka, baina presiorik egin gabe", erantsi du.

Diputatuek Lezo auzian froga gisa dagoen elkarrizketa bati buruz galdetu diote. Grabatutako elkarrizketan, Eduardo Zaplana ministro ohia eta biok entzun daitezke hizketan, eta Alderdi Popularrari ustez ordaindutako komisioengatik Mariano Rajoyri egin omen zioten xantaia dute ahotan.

Gonzalezen esanetan, hura "kafetegi batean egin daitekeen edozein elkarrizketaren tankerakoa" izan zen.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken ordukoa Madril gaur