Politika -

Espainiako Aurrekontuak

Legebiltzarrak Espainiako 2018ko Aurrekontuak ez negoziatzea onartu du

Pentsiodunei egiten dien kalteagatik hartu dute erabakia. EAJ eta PP kontra agertu dira.

Josu Erkoreka (esk), eta Alfonso Alonso (PP), Legebiltzarrean gaur. Argazkia: EFE.
Josu Erkoreka (esk), eta Alfonso Alonso (PP), Legebiltzarrean gaur.
Josu Erkoreka (esk), eta Alfonso Alonso (PP), Legebiltzarrean gaur. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Espainiako 2018ko Aurrekontuak ez negoziatzea onartu du, PPren eta EAJren babesik gabe. Mariano Rajoyren Gobernuak EAJren laguntza behar du aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko Diputatuen Kongresuan.

Proposamena Elkarrekin Podemosek eraman du Legebiltzarrera eta EH Bilduk eta PSEk bozkatu dute alde. EAJ eta PP, berriz, kontra agertu dira.

Pentsiodunei egiten dien kalteagatik hartu dute erabakia, 2018ko Aurrekontuek ez baitituzte pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearekin (KPI) batera igotzen.

Era berean, EAJren laguntzarekin 2017an onartutako aurrekontuek euskal herritarrei "kalte izugarria" eragin diela uste dute gaur testua onartu duten alderdiek; bereziki pentsiodunei, % 0,25eko igoerak ez baitu "erretiro-pentsioen gaurkotze egokia bermatzen".

EAJk, berriz, pentsioak eta aurrekontuak bereizteko beharrean babestu du bere jarrera, pentsioen eztabaida modu lasaian egin behar delako adostasunak lortzeko.

Ildo horretan, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Katalunian 155. artikulua ez aplikatzea "beharrezkoa da, baina ez da nahikoa" Espainiarekin aurrekontuak negoziatzen hasteko. Hori horrela, jeltzaleek Madrilera EAEko agenda defendatzera doazela azaldu du. Elkarrekin Podemosekoei "oportunismo politikoa" egotzi die pentsiodunak "beren interes politikoetarako" erabiltzen dituztelako.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek, berriz, Estatuko diru kontuak antisozialak izateaz gain sistemaren kontrakoak direla esan die jeltzaleei.

Leire Pinedoren (EH Bildu) esanetan, arazoa ez dira Aurrekontuak soilik, Estatuak aurrera daraman ere arazoa baita.

Bestalde, Antonio Pastor sozialistaren aburuz, Estatuko aurrekontuek pentsiodunak pobretu egiten dituzte.

Azkenik, Anton Damborenea popularrak Aurrekontuak babesteaz gain, Elkarrekin Podemosi bere diskurtsoa mantentzeko "sistemaren porrota nahiago izatea" leporatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Ekonomia albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE berriak PP Bizkaia Podemos Ahal Dugu Euskadi Aurrekontu Orokorrak