Politika -
Kontrolareko saioa
PPrekin lortutako akordioak 'onak izan dira Euskadirentzat', Urkulluren ustez
Dena den, aitortu du 'kezkatuta' dagoela Espainiako Gobernuak EAEko aurrekontuen aurka aurkez dezakeen helegiteaz.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu duenez, 'kezkatuta' dago Espainiako Gobernuak EAEko aurrekontuei helegitea aurkezteko egindako "mehatxuarekin", baina azpimarratu du "mehatxu horrek ez duela orain arte PPrekin lortutako akordioen balorazio positiboa baliogabetzen". Izan ere, bere ustean, Alderdi Popularrarekin erdietsitako itunak "onak eta positiboak izan dira Euskadirentzat; etorkizuna ikusteke dago".
Eusko Jaurlaritzaren kontrolerako saioa dago gaur Legebiltzarrean, eta bertan egin ditu adierazpenok Urkulluk, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. EAEko funtzionarioei soldata % 1,5 igotzeko erabakiaren kontura, Madrilek egindako "mehatxua" gogorarazi dio Martinezek lehendakariari, eta EAJk eta Jaurlaritzak PPrekin adostutakoak zalantzan jarri ditu.
Lehendakariak, ordea, ontzat jo ditu akordiook, eta adibide batzuk aipatu: Euskal Yren inbertsioak, AHTren hiriburuetako lurrazpiko sarbideak, Ertzaintzaren inguruan lortutako akordioak...
"Kontzertu Ekonomikoa berritzeko ituna eta Kupoaren likidazio akordioa onak dira Euskadirentzat. Zeintzuk dira zure ustez euskal herritarrentzat kaltegarriak diren akordioak?", galdetu dio Martinezi.
Nolanahi ere, aitortu du "kezkatuta" dagoela aurrekontuei helegitea aurkezteko "mehatxuarekin".
Oposizioa, kritiko
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak lehendakariari emandako erantzunean salatu duenez, Urkullu "paparra ateratzen" ari da "EAJk PP lehentasunezko bazkide bihurtu duenean, munstro bat sortu dute". "Suarekin jolasten ari dira, eta gu guztiok erretzen: pentsiodunak, emakumeak, funtzionarioak, irakasleak...", deitoratu du.
Martinez, bere erantzunean. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkaria ere kritiko azaldu da. Ohartarazi duenez, "Euskal Herriko autogobernuaren kontrako erasoekin eta mehatxuekin atzera egingo dugu. Urkulluk 155.a defendatzen dutenekin jarraituko du lanean" —Europako hauteskundeetan Coalicion Canariarekin batera aurkeztea erabaki du EAJk, eta horregatik egin omen du aipamena Iriartek—.